Izenburua: Luisaren galtzak
Idazlea: Susanna Isern
Ilustratzailea: Esther Gili
Itzultzailea: Maialen Mujika
Argitaletxea: Nubeocho
Urtea: 2024
Orri kopurua: 29
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu hau irakurle gazteenek Luisa Capetillo izeneko idazle anarkista, XX. mendearen hasieran Puerto Ricon feminismoaren eta sindikalismoaren bultzatzailea, ezagutzeko aukera da. Luisaren gaztaroko pasarte esanguratsu bat kontatzen du.
Luisa Puerto Ricon jaio zen, aita espainiar jatorrikoa eta ama frantzesa zituen. Aitak irakurtzen irakatsi zion, eta amak frantzesa hitz egiten. Honek, irakurzaletu egin zuen, eta literaturak ate berriak ireki zizkion, irakurtzean aske sentitzen baitzen.
Behin, Luisak, neskato gaztea zela, mutiko bati erronka bota zion, ea nor zuhaitzera lehenago igo. Luisari, gonak traba egin zion eta mutikoak irabazi zuen. Orduan konturatu zen gona eramateak mugimenduak zailtzen zizkiela emakumeei. Horrela, gurasoen logelako armairua ireki, aitaren galtza batzuk hartu, eta ordutik aurrera galtzak soinean zituela ibili zen bizitza osoan. Behin, Cuban bidaian zegoela, poliziak atxilotu egin zuen, eskandalu publikoagatik. Epailearen aurrera eraman eta absolbitu egin zuten. Garai hartako prentsan azaldu zen albistea.
Ordutik aurrera, Luisa, emakume askorentzako erreferente bihurtu zen.
Pastel koloreko arkatzez egindako ilustrazio handiak ditu liburuak, espresibitate handikoak.