Izenburua: Liburuzainak zaldi gainean
Idazlea: Concha Pasamar
Ilustratzailea: Concha Pasamar
Itzultzailea: Uxoa Iņurrieta
Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial
Urtea: 2022
Orri kopurua: 40
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Jakintza album ilustratu honek memoria historikoa lantzen du, gorazarre egiteko liburutegi ibiltariekin aritu ziren emakumeei. Tonu informatiboan azaltzen da emakume horiek kultura eragile gisa gizartean nahiz komunitate txikietan izan zuten eragina. Era berean nabarmentzen da irakurketaren garrantzia, bai norbere burua hezteko ekintza bezala, bai eta gizarte kohesiorako tresna bezala.
Istorioaren abiapuntua 1929ko AEBko krisia da. Egoera arintze aldera, gobernutik WPA plana sortu zuten, enplegua sustatzeko asmoz eta lanak esleitzen zitzaizkien biztanleei. Garaian emakumeentzako “egokitzat” hartzen ziren lanen artean liburutegietako lana zegoen. Zenbait herrixketan liburutegiak ibiltariak zirenez, Apalacheetan, esaterako, emakumeek beregain hartu zuten lan hori eta zaldi gaineko emakume liburuzainen figura sortu zen (Pack horse librarians deituak). Lan zaila eta nekeza zen, goiz-goizetik zaldian abiatu eta kilometro asko egiten baitzituzten liburuak banatzeko, baina funtsezko eginkizuna zuten komunitatean: kultura eta alfabetatzea sustatu zuten, biztanleen artean sareak eratu, eta literaturaren inguruan zegoen iritzia hobetu zuten. Emakume horien bizitzaren xehetasunak eta eragina azaltzen ditu liburuak.
Museo bateko erakusketa baten antzera planteatzen da edukia nahiz ilustrazioa, bi orrialdetara. Dokumentazio lana nabaria da, eta amaieran eskaintzen da erabilitako iturrien zerrenda, egileak inspirazio gisa eduki duen musika-zerrenda batekin batera. Elementu gehigarriek ukitu berezia eta landua ematen diote: zerbitzuaren erabiltzaileen oharrak, postal antzeko ilustrazioak, garaiko poster eta afixen irudikapena…
Arkatzez nahiz akuarelaz egindako ilustrazio errealistak ditu liburuak. Kolore apalak erabiltzen dira. Paisaiak, pertsonak, objektuak… modu xehatuan irudikatzen dira eta hainbat ilustrazio biltzen dira bi orrialdetara, lantzen den edukiari jarraikiz. Teknikari dagokionez, arkatza eta akuarela nahasten dira.
Xabier Etxanizen kritika Argian