Izenburua: Lapurtutako bizkotxoaren kasua
Idazlea: Abel MutxategiIlustratzailea: Ivan Landa
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2025
Bilduma: Niko eta Amona intergalaktikoa, 1
Orri kopurua: 104
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Hamar ataletan banatutako eleberria da, tarteka orrialde bateko ilustrazioak dituena (bi orrialdetakoa ere kasuren batean). “Niko eta amona intergalaktikoa” bildumako lehen zenbakia da.
Hamar urteko Niko da narratzailea, eta haren begiradatik kontatzen zaigu istorioa. Bere amona, ustez ondo ezagutzen duen amona “arrunta”, agente intergalaktikoa dela deskubritzen du, eta amonaren komunean dagoen ate intergalaktikotik misio espazial batean abiatzen dira: Bizkotxo baten lapurretak egoera larri eta arriskutsua eragin du galaxian zehar, eta gehiago aztertu ahala gehiago konplikatuko da ikerketa, ustekabeko amaiera batera eramanez. Umore tonuko abentura fantastikoan murgilduko da irakurlea, egileak sortutako unibertsoko izaki, egoera eta planetak ezagutuz.
Amaiera irekia dauka, argi utziz bilduma zabalago baten eta abentura gehiagoren lehenengoa dela hauxe.
Irudiak trazuan oinarritzen diren marrazkiek osatzen dute, baita oso deigarriak eta kontrastezkoak diren koloreek ere. Pertsonak eta izaki estralurtarrak ikonikoak dira, garai bateko bideojokoak edo ordenagailu jolasak gogora ekartzen dituztenak. Orrialde osoko marrazkiak oso beteak daude, bai xehetasunez bai kolorez, eta orrien akabera mateak bat egiten du irudien estetikarekin.