Izenburua: Klera
Idazlea: Leire Bilbao (testua); Maite Larburu (musika); David Bernués (bideo sorkuntza); Kukai Dantza (dantza); Jon Maya (zuzendaritza artistikoa).
Ilustratzailea: June San Sebastian
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Orri kopurua: 42
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Gogoeta egitera gonbidatzen duen zentzumen-esperientzia bat da album hau. Gerra gaitzat hartuta, disziplina anitzeko albuma osatu dute: testuaz eta ilustrazioez gain, musika, dantza eta antzezpena ere uztartzen ditu, liburuan zehar dauden QR kodeak erabilita ikus eta entzun daitezkeenak.
Gerra baten erdian bizi den haur bat da narratzailea. Begien aurrean ez du bere etxerik ikusten, lorategirik... Ez du kolorerik ikusten, hautsa besterik ez, hautsez bete zaizkio begiak, belarriak, bere barru osoa. Amonak adi ibiltzeko eskatzen dio, ez aldentzeko bere ondotik. Baina haurrak iturrira joan nahi du eta begiak garbitu, belarriak, lehen bezala ikusi ahal izateko, lehen bezala sentitu. Ezkutalekutik irten eta bere pausuek hondatutako eskolara daramate. Han, koloretako klera bat aurkitu eta marrazten hasten da. Etsaiaren tiroak gertu entzuten dituenean, leherketa batek eten egiten du unea. Norbaitek eskutik heldu dio. Heriotza joan da bere bila. Eskatu dio, ea klera bat hartu dezakeen, lorategi bat marraztu ahal izateko. Eta Heriok, munduko lorategirik ederrena marrazteko esan dio, eta nahi duen guztia.
Ilustrazioek arkatzez marraztutako irudien itxura dute. Kontraste bisual nabarmena sortzen da kolore gris eta beltzen artean, eta elementu gutxi batzuek —hala nola protagonistaren bota gorriak, masailak edo kleraz azpimarratutako zehaztasunak— kolore argiagoa hartzen dute, begirada horietara bideratuz. Dantza eta bideoen eszenak ilustrazioekin koherenteak dira estetikoki, eszenatoki beraren parte izango balira bezala.