Izenburua: Klase sozialak badira
Ilustratzailea: Joan Negrescolor
Itzultzailea: Garazi Arrula
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2025
Orri kopurua: 44
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Euskarazko argitalpen honen editoreek, liburuari sarrera ematen dion testuan kontatzen digutenagatik jakin dezakegu liburu hau lehenengoz 1978an publikatu zela gazteleraz. La Gaya Ciencia Bartzelonako argitaletxearen eskutik Biharko Liburuak bildumaren baitan, hain zuzen ere. Handik berrogei urtetara Valentziako Media Vaca argitaletxeak, liburu horiek hartu eta irudi berriekin jantzita berrargitaratu zituen 2015ean. Hamar urte geroago, Txalapartak bilduma horretatik erreskatatu du liburu hau euskarara ekartzeko.
Azal biguneko album karratua da. Gizarte-zientzietan sailkatutako dibulgazio album bezala jaso dezakegu, baita gizarte-zientzien baitako saiakera liburua edota albuma izan daiteke. Izan ere, euskarazko argitalpen honen ardura izan duen editorialak, hala aurkezten du bere web orriko eskaintzan: saiakera. Dibulgazioa eta saiakera osagarriak izan daitezke, eta biak ala biak aproposak kasu honetan.
Dibulgazio zein saiakera izanik ere, album baten aurrean gaudela esan genezake. Izan ere, ilustrazioek testuak bezain esanguratsuak dira edukia transmititzeko. Irudiak aipatu ditugularik, lehenago esan bezala 1977. eta 1978. urteetako testu hura janzteko 2015ean egindako irudi berriagoak ditugu. Hala ere, badago zerbait irudien estiloan gaur egun egindakoak bezain sinesgarria izan zitekeela garai hartan egindakoak direla ere. Kasu batzuetan erabat garaikidea den arren irudiek kontatzen digutena (kasurako gizon bat umeen gurditxo batetik tiraka, 78an ez literaturan ez inon ikusten ez zena), beste askotan beste garai batekoak dirudite. Kasurako, azalean agertzen den irudian ikusi ditzakegu hiru gizonezko bata bestearen gainean aurrekoa zapaltzen. Smoking eta txisterarekin dagoen gizon zuri bat goian, gorbata eta alkandora jantzita daraman gizon zuria erdian (zapaldua eta zapaltzen ere), eta azpian eskulangintzari lotutako buzoa daraman gizon beltza. Irudi hori, non arropek gehiago desberdintzen zituzten batzuk eta besteak ez da gaur egungo estetikari estuki lotutako zerbait. Beste garai bateko iruditeriari dagokio. Izan ere, gaur egun arropan arteko desberdintasunak apur bat difuminatu dira eta goiko klase soziala okupatzen dutenek ez dute txistera janzten. Edozein kasutan, irudiek berebiziko garrantzia dute obran eta kontatzen zaiguna kontatzeko ezinbestekoak dira. Liburua erabat desberdina litzateke irudirik gabe.
Gaia gizarte antolaketan klase sozialak duen garrantzia da. Klase sozialen mapa bat egingo baligu bezala da. Eta mapa egitearekin batera, klase sozialak dauden bitartean klase borroka egongo dela dio atzeko azalak epilogoaren epilogo gisa.
Epilogo batekin ixten dute liburua eta bertan 78. ediziotik hona gaiak ez duela egunerokotasunik galdu aldarrikatzen dute editoreek.