Izenburua: Jostorratza eta haria
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2025
Orri kopurua: 162
Adina: 16tik gora
Laburpena:
Sei atal nagusiz (Hasieran, Ezagutzeko, Jakiteko, Ekin Aurretik, Konpontzeko eta Azken Aholkuak) osatutako josteko gida bezala aurkeztutako eleberri errealista da Jostorratza eta haria, tarteka ipuin itxurako kontakizunak eta ahozko tradizioa txertatzen dituena.
Azalak oihal zuri baten gainean brodatutako marrazkia erakusten du, soinekodun emakume bat erdigunean duen zuhaitza, alegia. Horixe bera da, hain zuzen ere, eleberriak aurkezten diguna, emakumeak ardatz dituen zuhaitz genealogikoa, emakumeek kontatutakoa.
Ama batek jaiotzear dagoen alabari amama eta amonaren ahotsen bitartez fikzio errealista oinarri duten narrazioak kontatzen dizkio. Liburuaren hasieran, hausnarketarako bide izango den galdera planteatzen digu Yolandak: “Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea agian?”. Eta galdera horretatik abiatuta eusten dio eleberriaren gai nagusiari: denbora eta belaunaldiak aurrea doazela. Tartean, bigarren mailako gaiak josten ditu idazleak: tradizioak, maitasuna, familia arteko harremanak, gerra, modak…
Amama eta amonaren ahotsek lekua uzten diote narratzaile nagusiaren ahotsari garaia gaur egunetik gertu dagoenean. Horrela osatzen da emakumeen ahotsa belaunaldietan zehar, eta aski aztertuta geratzen da emakumeen bizitza emakumeen ikuspuntutik.
Idazkera zainduko liburua da, batzuetan, olerkigintzatik hurbil dagoena, hitzen eta haien soinuekin jolasten duena. Euskalkiak erabiltzen ditu Yolandak, eleberrian zehar agertzen diren erregistro eta ahotsak ezberdintzeko.
Amaia Alvarezen kritika Argian