Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Josefina

Ilustratzailea: Chloé Alméras

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2025

Orri kopurua: 24

Adina: 2tik gora


Laburpena:

Lehen irakurleentzako album ilustratu honen gai nagusiak natura eta munduaren behaketa eta aurkikuntza dira, oinarrizko kontzeptu kontrajarrien bidez. Hari narratiboa ez da trama konplexua. Izan ere, pertsonaiaren esperientziari eta begiradari soilik jarraitzen zaio. Tonu goxo eta erritmo lasaia, ukitu poetiko eta umoretsuarekin.

Protagonista jirafa bitxi gaztea da, orrialdez orrialde mundua harriduraz behatzen duena egun oso batean zehar. Paseatzen eta dena patxadaz begiratzen duen bitartean, hodeiak, landareak, beste animaliak eta naturaren xehetasun txikiak aztertzen ditu. Bukaeran inguruan duenarekin harritzea gustuko duela konturatzen da.

Testua gutxienekoa da, eta leku dezente uzten dio kontenplazioari. Esaldiak motzak badira ere, hizkuntza jasoa da eta zenbaitetan honek ilustrazioen sinpletasunarekin talka egiten du.

Ilustrazioek berebiziko garrantzia dute irakurleak behaketara eta gelditzera gonbidatzen dutelako. Eszena minimalistek osatzen dute kontakizuna. Hondo garbiak, forma eta marra sinpleak, pertsonaia adierazkorrak, zuriune asko eta konposizio garbi eta behatzeko errazak. Osagarri guzti hauek giro lasaia eta poetikoa sortzen dute. Naturarekin eta lasaitasunarekin lotzen diren koloreak nabarmentzen dira, gehienetan hondo zurian. Protagonista da kontraste egiten duena, laranja ia fosforeszentea. Konposizioek mugimendu goxoa eta oreka transmititzen dute, eszenatokiak kontrastean jarrita; espazio zabalek arnasa hartzeko sentsazioa ematen dute, eta formek eta koloreek lehen irakurleentzako ikus esperientzia erakargarria sortzen dute.

Ilustrazioek indar handia dute eta beren funtzio narratiboaz gain, emozioak pizten dituzte.

Liburu honen tamaina eta kartonezko edizioa dela medio, aurre eta lehen irakurleek erraz maneiatu dezaketen liburua da.


Josefina