Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Jajatxo

Idazlea: Jabier Muguruza Ugarte

Ilustratzailea: Concetta Probanza Arrizabalaga

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2023

Orri kopurua: 48

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Ipuin ilustratu honen oinarri nagusia, gai konkretu bat jorratu edo istorio bat kontatzea baino, kontakizun surrealista bat eskaintzea da, nonsense literaturara hurbilduz.

Kontakizuna, errimaz, soinu-errepikapenez eta hitz-jolasez josia dago. Hizkuntzaren sonoritatearekin egindako jolasa, helburu narratzailearen eta istorioaren ulermenaren gainetik dago. Testuaren tipografiari dagokionez, kolore eta letra-mota aldaketek, onomatopeia, izen eta errima konkretu batzuk nabarmentzen dituzte.

Kontakizuna sei kapitulutan banatuta dago, Jajatxok egun osoko ibilaldian egiten duen geldialdi bakoitzeko bat. Berauetako bakoitzean gertatzen denak ez dauka besteekin loturarik, jazoera solteak dira. Elkarrizketa absurdo eta zentzugabeak ditu bidean elementu desberdinekin: buzoia, maistra, txirrista... Protagonistaren gorputza aldatu egiten da sentitzen duenaren arabera: zerbaitekin estutzen denean, UF!, burua hazten zaio; baretzen denean edo ondo pasatzen duenean aldiz, UFA!, burua txikitu eta oinak hazten zaizkio. Ibilaldiaren bukaeran, ama jatetxera Jajatxoren bila dator eta etxera bueltan darama. Egun ederra pasa ostean, umea lotara doa. Hurrengo egunean esnatzen denean, aurreko egunean egindakoaz gogoratzen saiatzen da, baina…ohi bezala, ez da ezertaz oroitzen.

Ilustrazioen kolore pastelek laguntzen dute distantzia hartzen. Jajatxoren ideiak/memoria artile mataza korapilatsu bat bezala irudikatzen dira, eta halakoa da baita istorioaren beraren egitura. Kontrazaleko ilustrazioan, Jajatxok egun horretan egingo duen ibilbidearen segida irudikatzen da.

QR kode batek, ipuinaren audiora bideratzen gaitu, Maite Larburu narratzailea delarik.


Jajatxo