Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Izan zuhaitz!

Idazlea: Maria Gianferrari

Ilustratzailea: Felicita Sala

Itzultzailea: Amets Santxez Munain

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2022

Orri kopurua: 52

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Narrazio ilustratu berezia osatu dute liburu honetan. Mezua metafora batez baliatuta ematen da, pertsonak eta zuhaitzak berdinduta. Bizitzak dituen erronken aurrean adorea emateko, irakurleari zuhaitzak bezalakoa izateko esaten zaio, zuhaitzen holako eta halako ezaugarriak azpimarratuta. Ideiak adierazteko modu honek testua poesiara hurbiltzen du, eta joskera koma eta puntuen erabilera hutsera murrizten.

Metaforak aurrera egin dezan, askotan, zuhaitzei buruzko azalpen didaktikoak eskaintzen dira, halako moldez ezen testua dendrologiarako sarrera batean bihurtzen duen, metafora jolasa ahulduz eta ezabatuz. Dena den, ilustrazioek gizaki-zuhaitz alderaketari eusten laguntzen diote une oro.

Hala, ilustrazioak handiak dira, kolore biziz eta xehetasunez eginak. Bi orrialde hartzen ditu irudi bakoitzak, batean izan ezik, bukaera aldera lau orritan eginiko marrazki bat aurki baitezakegu proposatzen zaigun ideiaren sintesia bezala: Bai zuhaitzek eta bai pertsonek elkarrekin egon behar dugula elkar babesteko, zaurgarriak ez izateko eta kanpoko erasoen aurrean elkar babesteko.

Hasieratik irudiak txandakatuz doaz. Batzuetan bai zuhaitzak eta bai gizakiak agertzen dira irudi berean pareko ezaugarriak erakutsiz, baina beste batzuetan bat edo bestea bakarrik ikusiko dugu txandakatuz.

Bukatze aldera, egilearen oharra dugu. Zergatik idatzi duen liburua azaltzen digu autoreak, zergatik diren hain garrantzitsuak zuhaitzak eta basoak. Bere tesia azaltzen digu, alegia.

Zuhaitzak gal ez daitezen laguntzeko iradokizunak ditugu beste orri batean. Eta baita komunitatean laguntza emateko zenbait aholku ere. Zeren eta komunitateak, basoak bezala laguntza behar baitu: adinekoek, premia bereziak dituztenak, etxegabeak eta abarrek.

Ondoren zuhaitzen anatomiaren deskribapen zehatza atalez atal bere erreferentzia zenbaki eta guzti, dibulgazio liburu on baten gisa.

Eta azkenik, Joaquín Araújo basoen defendatzaile sutsuaren epilogoa, naturaren aldeko aldarrikapen bizia eginez.


Izan zuhaitz!