Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ile bat zopan: Ipuintxo absurdo bat

Idazlea: Alex Nogués

Ilustratzailea: Guridi

Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2023

Bilduma: TXO!

Orri kopurua: 44

Adina: 6tik gora


Laburpena:

“Ile bat zopan” ezohiko album ilustratua da. Umore absurdoaren bidez afari bat gertaera surrealista batean bilakatzen da. Eszena geldoak eskaintzen zaizkigu, ia mugimendurik gabeak, ibili badabilen aktore bakar horren jardunean jarrita fokua; honegatik tonu serioa duela ematen du, zentzugabekeria baten aurrean gaudenean bezalakoa, harridurazkoa, baina jakinik arrazoimena bere josturetatik lehertzen ari dela umore berezi horren eraginez.

Mahaiaren inguruan barazki zopa gustuko ez duen alaba, ama eta aita afaltzen hastear daude. Bat-batean neskatilak ile luze bat ikusten du bere zopan. Segidan amak euli bat ikusten du bere platerean eta, azkenik, aitak kapelatxo bat berean. Kapela plater bazterrera hurbiltzen da eta goraka egiten du, goitik behera agertzen delarik bota horiko gizontto bat kanabera batekin. Familiari lasaitasuna eskatu ondoren, alabaren plateretik ilea hartzen du, kanaberaren muturrean lotu, beita jarri, eta eulia arrantzatzen esertzen da, amaren plater bazterrean. Lasai ederrean eulia harrapatzen du eta, familia agurtuz, aitaren zopan murgiltzen da, erabat desagertu arte. Inork ez zuen txintik ere esan, baina etxe hartan ez zen barazki zopa aurrerantzean jan.

Ilustrazioak lehen planoak dira, handiak eta esanguratsuak. Elementu arruntak marra gorri lodiz egin dira, zopan agertzen diren elementuak, aldiz, beltzez trazatuta daude, finago perfilatuta. Irudi gorri-beltz hauen parean gizonttoaren bota horiak nabarmentzen dira.


Ile bat zopan: Ipuintxo absurdo bat