Izenburua: Igeriketako lehen eguna
Idazlea: Esther Van den Berg
Ilustratzailea: Esther Van den Berg
Itzultzailea: Amets Santxez Munain
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2022
Orri kopurua: 32
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratua da. Igeriketa ikastaroetan gainditu behar diren beldurrei buruz hitz egiten du, igel eta zapaburuen bidez bada ere, testuinguru nahiko errealistan. Norberaren erritmo eta prozesuak onartuz, helburuak lortzeko ahalmena azpimarratzen da. Tonu maitakorrean idatzitako ipuina da. Hitz goxoak erabiltzen dira. Txikigarriak, onomatopeia batzuk… Oso giro lasaia eta gogo-aldarte positiboa irudikatzen dira.
Urmaeleko zapaburu gehienak igel txiki bihurtu dira. Txalburu da oraindik buztan txikia mantentzen duen bakarra. Bihurrikeriatan dabiltza guztiak eta amak erabaki du igeriketa-eskolara joateko unea dela. Txikiena izanda, Txalburu ezberdina da eta Apo irakasleak laguntza berezia eskainiko dio, gainontzekoek bezala baina erritmo motelagoan, igerian ondo ikas dezan. Eskatutako ariketa guztiak ahal duen eran egiten dituen bitartean, urmaeleko beste animaliekin interakzioak izango ditu eta pozik arituko da. Diploma eskuratu aurretik, tranpolinetatik jauzi egitea izango dute azken erronka.
Baikortasun, baretasun eta konfiantza giro horretan irudiek garrantzi handia dute. Pertsonaiak pozik eta erlajatuta ageri dira. Marrazkiek, bestetik, umore ukitua ere ematen diote kondairari, igeltxoen bihurrikeria txikiak jasoz, besteak beste. Urmaela kolore biziz zipriztindu du egileak.