Izenburua: Horrelakoa da Heriotza?
Ilustratzailea: Andrea Antinori
Itzultzailea: Juan Luis Zabala Artetxe
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2025
Orri kopurua: 137
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Heriotzari buruzko saiakera filosofiko moduan ulertu daiteke liburu hau, gaiari buruzko informazio zientifikoa zein hausnarketa filosofikorako bitartekoak eskaintzen baititu.
Hasieran azaltzen da liburua sortzearen prozesua eta irakurketa bideratzeko ideiak ematen dira.
Liburuak hogeita hemezortzi atal ditu, atal bakoitzak galdera nagusi bat du ilustrazio batekin eta erantzuna orrialde bat edo gehiagotan luzatzen da. Azalpenen amaieran ilustrazio txiki bat agertzen da, eta oin oharretan gaiarekin lotutako jakingarriak, edo azalpenarekin lotutako galderak egiten ditu. Azkenik, lotura duten beste kapitulu batzuk iradokitzen ditu.
Liburuaren galderak bost-hamabost urte bitarteko haur eta gazteek egindako sorta zabal batetik aukeratu dituzte. Proiektua aurrera eramateko hainbat bitarteko erabili dituzte gaiaren inguruko haur eta gazteen galderak jasotzeko. Babes orrietan galdera hauek jaso dituzte hondo urdineko orrietan, jarraian idatziak, galdera egilearen izena eta adinarekin.
Galdera guzti horien artean esanguratsuenak, edo nolabait beste galderak barne biltzen dituenak aukeratu dituzte egileek, haiei tiraka jakingarri zientifiko, historiko, filosofiko edo kuriositate izan daitezkeen erantzunekin, edo beste galdera batzuk ekarriz.
Argizariekin egindako ilustrazio naif eta adierazkorrek testuak ematen ez duen informazioa eskaintzen dute, egoera paraleloak sortuz. Izan ere, ilustratzaileak galderak irudien bidez erantzun zituen testua irakurri baino lehen. Kolore urdina, laranja, zuria eta beltza erabiltzen ditu (laranja doluaren kolorea da Mexikon). Ilustrazio bizi eta dibertigarriak dira, biziz beteak, heriotzaren inguruan dugun beldurrari iskin egiteko.