Izenburua: Hondartzan jolasean
Idazlea: Anita Bijsterbosch
Ilustratzailea: Anita Bijsterbosch
Itzultzailea: Amets Santxez Munain
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2022
Orri kopurua: 32
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album honek aisialdiko une xumeen edertasuna goresten du. Istorio sinplea da, atsegina, udako egun dibertigarri baten kronika, irakurlearen aktibazioa eskatzen duena (putz egin dezan eskatuz, agurtuz, liburua batera edo bestera mugituz...) seguru asko irakurlearen gozamena eragiteko.
Azeria, hontza eta sagua itsasertzean jolasean ari dira, kometa hegaldarazi nahian. Mapatxea zertxobait beranduago agertuko da txalupan lagun taldera batzera. Elkarrekin eguzkiaz eta hondartzaz gozatuko dute bestelako abentura handirik gabe. Lau animalia protagonistak izango ditugu ilustrazioetan nabarmen orrialdez orrialde, baina badira paraleloan istorio guztian zehar beste bi txoritxo ere, azkenean, lagun taldearen jolasera batuko direnak.
Orrialde bikoitzetan zabaltzen diren ilustrazioek kolore biziak dituzte: eguzki eta harearen tonu hori-marroixkak, itsasoaren eta zeruaren urdin biziak, jostailuen gorri, berdeak... Gizaki itxura duten animaliek ere kolore orban biziz osaturik daude.