Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gretaren hodeia

Idazlea: David Hernández Sevillano

Ilustratzailea: Luisa Vera

Itzultzailea: Maialen Mujika

Argitaletxea: Nubeocho

Urtea: 2024

Orri kopurua: 32

Adina: 2tik gora


Laburpena:

Tonu atseginean haurren irudimenaren inguruko istorioa kontatzen duen albuma da honakoa.

Gretak animaliak maite ditu eta, beste haur guztiek bezala, berak ere maskota bat izan nahi du baina gure protagonista txikiak sekulako alergia die animaliei. Arazoari irtenbidea emateko hodei bat hartuko du maskota gisa Gretak.

Hodeiari lepokoa jantzi eta pozik ibiliko da neskatoa itxura ezberdinak hartzen dituen maskota originalarekin hemendik hara landareak ureztatzen, igerilekuak betetzen edota suak itzaltzen.

Baina hodeiak edonon askatzen du bere ura eta honek bizilagunak haserretu egiten ditu.  Ezin euria egin guztien gustura!

Greta hodeiari edonon euririk ez egiten irakasten saiatuko da baina ez du lortuko, izan ere hodei bat etxekotzea ez da lan erraza.

Bukaeran hodeia gero eta txikiagoa egin eta zeruan desagertuko da Gretarentzako ostadar eder bat utziz azken opari gisa.

Kolore biziko ilustrazioek, orrialde bakar zein bikoitzetan, detaile ugariz osatzen dute testua eta hauei erreparatuz beste haurrek dituzten maskotak ikusiko ditugu, bizilagunak ezagutu edota hodeiak hartzen dituen forma ezberdinekin gozatuko dugu besteak beste.

Fantasiazko istorio honek haurren irudimenaren aldeko aldarria egiten du, hauen desio, jolas eta ametsekin disfrutatzeko gonbitea eginez eta aldi berean, erabakiek dituzten ondorio ezberdinen inguruan hausnartzeko aukera emanez.


Prentsako aipamenak:

 


Gretaren hodeia