Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Giza animaliak gara

Idazlea: Rosie Haine

Ilustratzailea: Rosie Haine

Itzultzailea: Ibon Plazaola Okariz

Argitaletxea: Alberdania- Ekaré

Urtea: 2022

Orri kopurua: 42

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Narrazioaren generoan kokatuta dago lan hau, eta album ilustratua da. Errealista eta historikoa da, gizakiak antzina zuen bizimoduaren arlo batzuk jasotzen dituelako. Zentzu horretan, maila batean irakaspenezkoa dela ere esango genuke, historiaurreaz ezagutzen diren hainbat informazio helarazten dituelako. Haratago doa, halere. Gizakiaren izaeraren inguruan pentsatzera bultzatu nahi du irakurlea.

Landutako gaiari dagokionez, gizakiaren eta naturaren arteko harremana aipatuko dugu. Zehazkiago azaltzearren, gizakiaren animali-tasunaz ari da; pertsonaren animalia-izaera aldarrikatzen du, naturako partaideetako bat dela adierazten du. Antzinatik hona testuingurua, egoerak, mundua oro har, aldatu badira ere, izaera hori bere horretan mantentzen da. Giza izatearen neurria naturan dugun lekuak ematen duela adierazi nahi da.

Tonu malenkoniatsua antzematen zaio liburu honi. Esaldiak labur eta, nolabait esatearren, “neutroak” dira. Ez dago adjektiborik eta ez da emoziorik edo sentimendurik deskribatzen. Gehienetan gertaera objektiboak dira hitzez jasotzen direnak.

Baina irudiek oroiminez betetako narrazioa eraikitzen dute. Hasieratik arnasten da nostalgia hori, lasaitasunez adierazita, lurraren koloreen bitartez eta tonu apalekin. Lasaitasuna islatzen dute pertsonaia guztiek; ez dago gidoi horretatik ateratzen den inor/ezer. Gizakiarentzat arriskutsua den piztiak ere sosegu edo patxada puntua mantentzen du. Horrela bada, ekarpen erabakigarria egiten dio ilustrazioak testuari. Agerian uzten duen oroimina egilearen oharrak baieztatzen du. Ilustrazioetan irakurri ahal izan dugu egileak azken atal horretan hitzez adieraziko duena.

Orri bikoitz bakoitzak ilustrazio bat jasotzen du. Gehiegizko xehetasunik gabe egindako irudiak dira. Giza izaeraren inguruan liburuan azpimarratzen den soiltasun edo sinpletasun horrekin koherentzia mantendu nahiko balute bezala.


Giza animaliak gara