Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gehiago nahi zuen balea

Idazlea: Rachel Bright

Ilustratzailea: Jim Field

Itzultzailea: Amets Santxez Munain

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2021

Orri kopurua: 36

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Album ilustratu hau alegia bat da: animalien kontakizunaren bitartez, irakaspen nabarmen bat helarazi nahi zaio irakurleari. Lantzen dituen gaiak kontsumismoa, gizartearen dekadentzia, bizitzaren zentzua eta zoriontasuna dira. Tonu malenkoniatsuan idatzita dago, sarri emozio eta sentimenduei erreferentzia eginez.

Itsasoan triste bizi den bale bat zerbaiten bila dabil etengabean eta noraezean. Ez daki zer den desio duen hura. Bidean aurkitzen dituen altxor ugariak pilatzen ditu, baina hauek ez dute asebetetzen. Egun batean uharri eder batera iristen da eta ikusten du badela jarrera adimentsuagoa duen karramarro bat. Haren laguntzaz, baleak eta gainontzeko izakiek bizitzaren zentzuari buruzko hausnarketa egingo dute.

Bertso narratiboaren generoan kokatutako liburua da, hamarreko handiaren metrikarekin eta errimaduna. Gehienetan ahapaldi osoa lerro bakarrean antolatua dago, liburuaren diseinuaren beharrei erantzunez.

Ilustrazioari dagokionez, kolore bizi eta ilunen arteko kontraste jokoak egiten dira marrazkietan. Istorioaren testuinguruarekin koherentzian, forma organikoz josita daude ilustrazioak. Orrialde gehienak guztiz beteta daude eta, tarteka, zuriune batzuk uzten ditu ilustratzaileak, giro malenkoniatsua pixka bat arinduz.


Gehiago nahi zuen balea