Izenburua: Familia handia: Everest eta Boole kasua edo nola eraiki buru miresgarrien saga bat
Ilustratzailea: Idoia Iribertegui
Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun
Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial
Urtea: 2025
Bilduma: Deguria
Orri kopurua: 56
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Ukitzean azal berezia eta atsegina duen argitalpen honek egitura hibridoa du. Izan ere, dibulgazio liburu baten elementuak eta kontakizun biografikoa uztartzen ditu, Boole-Everest familiaren historia liluragarria, hain zuzen. Everest-Booletarren sagarekin lotutako datu historiko eta biografikoak emateaz gain, hezkuntzaren, familia-ingurunearen eta ezagutzaren transmisioaren garrantzia nabarmentzen du liburu honek.
Hasierako orrialdetan aurkibide eta ardatz kronologikoak lagunduta, George Boodle eta Mary Everesten jaiotzei buruzko informazioa ematen digu. Honekin batera, garai horretako gizarte aldaketak azaltzen dizkigu, baita bata zein bestearen guraso eta etxe giroko datuak ere. Liburuak nola ezagutu zuten elkar logika bitar matematikoaren aitak eta bere ikaslea, idazle eta pedagogo berritzailea izatera iritsi zena, nola ezkondu ziren eta aurrerago nola hezi zituzten beraien bost alabak argitzen digu.
Informazio historikoa eta zientifiko-matematikoa narrazioan erantsita agertzen da, pasadizo, adibide eta azalpen samurrek lagunduta.
Testu argiak eta arinak, kontzeptu zientifiko, matematiko eta historikoen ulermena errazten duena. Esan beharra dago tonu hurbila badu ere, informazio zehatza eta ondo dokumentatua ematen dutela. Informazioa kapituluetan banatuta dago, kronologikoki antolatuta. Kapitulu bakoitzak sarrera paragrafoa du, baita bukaerako informazio osagarria ere. Azken orrietan sagako kide nabarmenen aipamen biografikoekin batera, gogoberotasunari eskainitako epilogoa, Balzac-en aipu bat buru duena, pertsona miragarriek nondik suertatzen diren hausnartzera gonbidatzen duena. Azken orrialdean bibliografia zabala.
Testuak ilustrazioekin orekatuta daude. Izan ere, azken hauek istorio konplexua ulertzen laguntzen dute, eta era berean, irakurlea hobeto koka daiteke garai desberdinetan eta familia harremanak eta zientzia loturak ulertu ditzake. Irudiak bat datoz garaiarekin bai marrazketa tipoan, bai kolore paletan, azken hauek erabat neurtuta. Astun samar suertatu daitekeen datu pilaketa arintzen dute irudiek, dinamismoa emanez eta interesa mantenduz. Hau da ulermena errazten dute kontakizunaren erritmoa hautsi gabe.