Izenburua: Etxe bat Hartz Txikirentzat
Idazlea: Britta TeckentrupIlustratzailea: Britta Teckentrup
Itzultzailea: Maialen Mujika
Argitaletxea: Nubeocho
Urtea: 2024
Bilduma: Somos8
Orri kopurua: 36
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Animalien ipuina. Gai bat baino gehiago ageri dira. Garrantzitsuenak bakardadea, harreman sarea eta adiskidetasuna dira. Eta dinamika guztien eragile nagusia erresilientzia da. Errepikapenean oinarritutako egitura dauka.
Liburuaren hari nagusia etxea galdu duen hartz kume baten istorioak hartzen du. Protagonista etxe edota bizileku baten berri baten bila abiatzea da halabeharrez, eta horren ondorioz gaur egun oso presente dauden egoerak erakusten dira:
• Migrazioa eta desplazamendua: Hartz Txikik bere etxea galtzen du sute baten ondorioz eta, horrek lekuz aldatzera behartzen du. Zentzu horretan, istorioak aukera ematen du etxea galtzen duten pertsonen egoera ulertzeko.
• Babesa eta komunitatea: bidean, Hartz Txikik hainbat animalia ezagutzen ditu, eta horien artean harreman desberdinak sortzen dira. Hasieran ez da ongi etorria izango, eta irakurleak neurri batean bestearen azalean ere jartzeko aukera izango du. Adibidez, untxiak bere zulotik bidaliko du bere kumeak ikaratuko dituelakoan. Ibilian-ibilian, ordea, espazio eta komunitate berri bat aurkituko du, elkartasuna eta adiskidetasuna oinarri izango dituena.
• Gizarte gatazkak eta familia eredu berriak: Hartz Txikiren bidaia metafora bat dela esan daiteke, eta irakurleari aukera ematen dio familia, etxea eta komunitatearen kontzeptuen inguruan hausnartzeko.
Ilustrazioari dagokionez, irudiak ezinbestekoak dira, istorioaren kontaketaren parte aktibo dira. Irudiek testua osatzen dute, eta informazioa ematen: irudiek emozioak, testuingurua eta pertsonaien jarrerak erakusten dituzte. Irudi hutsez istorioa jarraitu daiteke. Esate baterako, ilustrazioetan hasiera samarretik suaren garrak agertzen badira ere, Hartza-Txikiren begirada guztiz xaloa da. Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira, oro har, animalien begiradak.
Koloreen intentsitatea aldatuz doa; eta, oro har, kolore beroak erabiltzen ditu. Estiloa bera ere oso emozionala da. Orokorrean, forma borobilduak nagusitzen dira.
Ordenagailuz sortutakoak dirudite, baina akuarela edo teknika nahasia simulatzen dute.
Deigarria egiten da orri batean bi sekuentzia egotea.