Izenburua: Eta zer?
Idazlea: Sonia Coudert
Ilustratzailea: Grégoire Mabire
Itzultzailea: Imanol Salegi Urbieta
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2024
Orri kopurua: 30
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Animalia antropomorfoak protagonistatzat dituen ipuin ilustratu honek eskola jazarpena du gai nagusia. Basilik eskolako jolastokia izuaren erresuma bihurtu du. Eguna joan eta eguna etorri, ikaskideren bati eraso egiten dio eta inor ez da ausartzen aurre egitera. Baina, halako batean, ikasle berri bat iristen da eskolara, eta Basilek aurpegia orbanez beteta daukala dionean, honek begietara zuzen-zuzen begira: Eta zer? erantzuten dio jolastokian dauden ikaskide guztien harridurarako. Hortik aurrera piskanaka guztiek Basiliri aurre egiten ikasten dute… Baita Basilik, bere anaia nagusiaren purrustadei ere! Izan ere, kontakizun guztia eskola ingurunean gertatu bada ere, azken bi orrialdeetan Basiliren etxera eramaten dute autoreek irakurlea, bertan Basili, bere anaia nagusiaren erasoak jasotzen dituen erasotzailea dela deskubritu dezan. Azken eszenan Basilik hurrengo egunean barkamena eskatu eta lagun berriak egiteko aukera izango duela iradokitzen da.
Ilustrazioek nagusiki testuak diona erreproduzitzen badute ere, testuinguruaren deskribapen zehatza eransten diote kontakizunari, eskolaren, herriaren eta eguneroko bizitzaren argazkia irudikatuz. Horrez gain, pertsonaiei jazarpen egoerak sortarazten dizkieten emozioak eta haien jarreren garapena oso modu argigarrian islatzen ditu ilustratzaileak animalien aurpegi espresioetan, irakurleari jazarpen egoeran parte hartzen duten aktore guztien identifikazioa erraztuz: erasotzailea, erasotzailearen laguntzaileak, erasotuak direnak, egoerak bildurtzen dituenak eta egoeraz ohartzen ez direnak.
Hasierako babesorrietan egoeraren argazki panoramiko bat egin du ilustratzaileak aurkezpen gisa, eta bukaerako babes orrietan argazki bera errepikatu du.