Izenburua: Eta postaria gutun bihurtu zen
Idazlea: Alfredo Gómez CerdáIlustratzailea: Emilio Urberuaga
Itzultzailea: Xabier Olaso
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2025
Bilduma: Paper txoriak, Sail gorria; 29
Orri kopurua: 46
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Tonu umoretsuan idatziriko ipuin ilustratu honetan fantasia eta errealitatea uztartzen dira, laguntasuna eta ametsak erdigunean jarriz. Zeharka, berriz, gerrateak eta gizarte gatazkak aipatzen dira.
Istorioak bi pertsonaia nagusi ditu. Bata, postaria eta bestea, sorgina. Egunero, Hiribirako geltoki zaharrean dagoen egurrezko eserlekuan solasean aritzen dira. Gutunak dakartzan trenaren zain dagoen bitartean, postariak bidaia-aldizkariak eta egunkariak irakurtzen ditu eta sorginak, interes handiz, galderak egiten dizkio.
Narrazio arin honek erredakzio sinple eta lineala du, esaldi eta elkarrizketa labur eta zuzenekin. Testuari eszenak irudikatzen dituzten eta postariaren irudimena islatzen duten ilustrazioek laguntzen diote. Irudiek trazu sinplea dute, forma biribildunak, tinta lerroak eta kolore biziak, eszenei dinamismoa eta umore ukitua emanez. Orrialde bikoitz bakoitzean ezkerraldean testua eta eskuinaldean orrialde osoa okupatzen duen ilustrazioa azaltzen da marko batean bilduta. Lau bider ilustrazioek orrialde bikoitza okupatzen dute eta ez dago testurik. Liburua ilustrazio bikoitz horietako batek ixten du.