Izenburua: Esmeralda eta itsasoko iratxoak
Idazlea: Harriet Muncaster
Ilustratzailea: Harriet Muncaster
Itzultzailea: Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea
Argitaletxea: Mezulari
Urtea: 2024
Bilduma: Esmeralda, 2
Orri kopurua: 108
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Narrazio-liburu honetan bi gai nagusi lantzen dira: alde batetik, ausardia eta arauak hausteak nortasunaren eraikuntzan duen rola; eta bestetik, oso gustuko ditugun izakiak gurekin nahi izateak, baina benetan onena beren ingurune naturalean egotea dela ohartzeak sortzen duen kontraesana.
Esmeralda sirena-printzesa eta bere ahizpa txikia, Delfina, itsaspeko iratxo maitagarriak ezagutzeko irrikaz daude. Ezkutuan irteten dira Ostra Hiritik, baimenik gabe, eta iratxoen koralezko uharrira heltzen dira. Han, iratxoak erakartzen dituzte ekarritako gailetekin, baina iluntzean etxera itzultzea erabakitzen dute, iratxoak atzetik dituztela. Behin jauregira itzulita, iratxoak Esmeraldaren panpinen etxean ezkutatzen dira. Hala ere, hurrengo egunean, iratxoak ahultzen hasiak dira: distira galtzen dute eta nekatuta daude. Orduan konturatzen dira beren bizileku naturaleko ur burbuilatsua eta hotza behar dutela ondo egoteko. Motxilan sartuta, bi ahizpek berriro eramaten dituzte koralezko uharrira, eta han iratxoek beren energia eta distira berreskuratzen dituzte. Kontakizuna bost kapitulutan dago banatuta, eta amaieran jarduera desberdinak proposatzen dira.
Ilustrazioek zuriaren gaineko berde eta beltzaren erabilera dute oinarri, eta azaleko irudiek purpurina daramate. Testuak letra handi eta irakurterraza du, eta irudiek garrantzi handia hartzen dute: istorioa osatzeaz gain, liburuaren ezaugarri nabarienetakoa dira.