Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Esker onak

Itzultzailea: Aiora Jaka Irizar

Argitaletxea: Igela

Urtea: 2025

Bilduma: Mintaka saila

Orri kopurua: 149

Adina: 16tik gora


Laburpena:

Eleberri errealista-sozial hau estilo neurritsu eta zuzen batean idatzita dago eta eguneroko bizitzako egoera arrunt baten bidez gai sakonak lantzen ditu: zahartzaroa, memoria, hizkuntzaren galera eta eskerrak emateko beharra. Azalean, eserita dagoen andre heldu baten altzoa eta eskuak ikus ditzakegu. Ez dago ilustrazio edo argazki gehiago liburu osoan.

Istorioak ez du kapitulu zehatzik baina atalka antolatuta badago: bi ahotsek kontatutako narrazioek markatzen dutena. Hau da, Marie eta Jérômen pentsamendu, bizipen eta ahotsak txirikordatzen dira eleberrian zehar. Bien kasuan, tarteka narratzaile deskribatzaile izango dira eta beste batzuetan, bizipen pertsonaletatik mintzatuko dira.

Hasieran bizitzaren zentzuari buruz, hitzari eta eskertzari buruz diharduten bi aipu irakur ditzakegu. Jarraian, istorioa Marieren narrazioarekin hasten da, non lehenengo esalditik eleberriaren izenburuari zuzenean erreferentzia egiten zaion: “Pentsatu duzu inoiz egunean zenbat aldiz ematen dituzun eskerrak?”.

Michka elkarrizketetan azalduko da maiz. Afasiak eragiten dizkion hitz ahaztuak eta hitz okerrak irakurriz, eleberri hunkigarri baten aurrean aurkituko da irakurlea, samurra eta gogorra aldi berean.

Liburuak hausnarketa asko irekitzen dizkio irakurleari. Alde batetik, galdetzen du ea nahikoa eskertzen ote ditugun bizitzan lagundu diguten pertsonak. Bestetik, zahartzaroaren inguruko ikuspegi oso gizatiarra eskaintzen du. Adineko pertsonak askotan bakarrik sentitzen direla erakusten du eta gure gizarteak ikusezin bihurtzen dituela. Aldi berean, zaintzaren eta gertutasunaren balioa erakusten du. Irakurleari hausnarketarako leku handia uzten dion liburua da.


Prentsako aipamenak:

Ainhoa Aldazabalen kritika Argian


Esker onak