Izenburua: Eder Txikia
Idazlea: Anthony Browne
Ilustratzailea: Anthony Browne
Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Urtea: 2024
Bilduma: Amets egiteko liburuak
Orri kopurua: 32
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Eder Txikia albuma sozializazioari buruz ari da, harreman beharraz, eta gizaki eta animalien arteko loturaz. Albumak benetako istorioa dakar gogora, 1970. hamarkadan San Franciscoko zoo batean sortutako Koko gorilak zeinu hizkuntzako hainbat keinu ikasi eta komunikatzeko gai izan zenarena hain zuzen.
Istorioko gorila handia zooan bizi da. Zeinu hizkuntza erabiltzen duenez, bere burua ulertarazten du eta behar duena eskatzeko gai da. Bakardadeaz asperturik zaintzaleei lagun bat eskatzen die. Zaintzaileek katutxo bat ekartzen diote, eta bi lagunak elkarrekin zoriontsu bizi dira, dena partekatuz. Hala ere, gorilak telebistan "King Kong" filma ikusten duen egunean pantaila hautsi eta ondorioz katutxoa zootik eramatekotan dira arduradunak. Orduan, katutxoak bere burua erruduntzat jotzen du eta denak irriz lehertu ondoren, bi lagunak elkarrekin uztea erabakitzen dute.
Ilustrazioek kolore beroak eta tonu naturalak erabiltzen dituzte, marroi eta laranja nagusi, berde ukitu batekin, eta orrialde bikoitz edo bineta moduko antolaketa dute. Tapizeria motiboek giro domestiko eta epela sortzen dute, Brownen lanetan ohikoak diren elementuak erabiliz.
Lanak kultur erreferentzia ugariren bidez hausnarketa egitera gonbidatzen du, besteak beste, Pieter Brueghelen “Ikaroren erorikoa” eta “King Kong” filma. Albuma komunikazioaren, adiskidetasunaren eta inklusioaren garrantzia nabarmendu eta sentimenduak transmititzen ditu modu natural eta sinesgarrian.