Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Düsseldorfeko txibatoa

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2025

Orri kopurua: 99

Adina: 16tik gora


Laburpena:

Ehun orrialde azpitik ditu hogei kapitulu motzetan banatzen den eleberri honek. Dosifikatuta aise irakurri daiteke baita eserialdi bakarrean irentsita ere tamaina polita du.

Ezin da eleberria genero bakarraren gerizpean kokatu. Katalanen “poti-poti” moduko bat da, nahasmen bat, pot-pourri bat baina espresioak duen ideiak euren artean ezkontzen ez direnaren konnotaziorik gabe. Thrillerraren tentsiotxoa hor dago baina zenbait puntutan absurdoraino luzatzen den umorea ere bai; historiako izen eta gertakari konkretuak aipatzen dira baina ukitu fantastikoak ere bai. Horregatik denboraren tratamendua (edo garai historikoen zehaztasuna)  ez genuke, adibidez, era zientifikoegian neurtu behar.

Narratzailea lehenengo pertsonan dago eta orainaldian kontatzen ditu gauzak. Pertsonaia nagusia ere bada eta gordin, eufemismo nahiz hizkera politikoki-zuzenaren filtrorik gabe entzun eta jakingo dugu pentsatzen eta egiten duena. Bera da istoriaren zentrua eta istorioa berezi eta interesgarri egiten duena baina ez du enpatizatzea errazten duen izaera bat eta ehun orrialdetik gora irakurlea okitu zezakeen (inguruko -ia- guztiak okitzen dituen bezala).

Ariketa literario interesgarria da eleberria. Gai ezberdin ugari jorratzen ditu, egoera latzak eta barrea ezkondu ere bai baina ez da irakurlea narratzailearen azalean jarri, bere emozio eta sentimentuak dantzatu eta katarsia lortzeko istorio bat. Ez da irakurlearentzat identifikazioko eleberri bat (esaldi, jokaera eta gertaera ugari bere latzean ere ezaguterrezak egingo bazaizkio ere). Interesa nolabait estetikoagoa, literariogoa edo intelektualagoa da; umorea da tresna baina gozamena distantziatik dator.

Legea betetzearen garrantzia, indulgentziaren interpretazio propioa, onak versus gaiztoak, egunerokoa guda moduan ulertzea, Historiako momentu gozoak zein gaziak bertsio pertsonalean azaltzea dira, besteak beste, “Düsseldorfeko txibatoa” ezizenarekin bataiatu duten gure narratzaile-protagonistaren buruan eta ahoan dabiltzan gaiak. Eta irakurlea aldiro kokatu/berkokatu beharko da berarekin bat datorren edo ez erabakitzeko.

Formatuari dagokionez bada irakurlearen arreta istoriotik aldendu dezakeen zerbait: testuaren zenbait momentutan (hasierako kapituluetan bereziki) galdera-marka bikoitzak erabiltzen dira. Narratzaile-pertsonaiaren inkongruentzien isla badira liburu osoan zehar mantendu beharko lirateke (izan ere, honek ez du inongo garapen-aldaketa arkurik testuan zehar) baina ez da horrela eta koherentzia falta horrek irakurlea istoriorik atera dezake.


Düsseldorfeko txibatoa