Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Blackwater bat. Uholdea

Itzultzailea: Usoa Wyssenbach

Argitaletxea: Alai

Urtea: 2025

Bilduma: Blackwater

Orri kopurua: 222

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Liburua 80. hamarkadako saga baten lehenbiziko atala da, Uholdea deritzona. Jatorriz ingelesez idatzia izan zen eta gero gaztelaniara eta euskarara itzuli dute.

Liburuak suspensearen, familia-sagaren eta beldur giroaren arteko nahasketa eskaintzen du eta horrek genero hibrido baten barruan kokatzen du: eleberri gotikoa eta misteriozko narrazioa uztartzen ditu.

Liburuaren egitura nahiko klasikoa da. 12 kapitulutan banatuta dago eta kapituluak nahiko motzak  dira. Orrialdeen diseinua garbia da eta tipografia txikia eta estua da nagusi.  Azalak kolore ilunak eta urarekin lotutako irudiak erabiltzen ditu, istorioaren giro misteriotsua aurretik iradokiz. Uholdearen ideia eta arriskuaren presentzia azalean bertan antzematen dira.

Liburu hau saga baten lehen zatia denez, ez da kontakizun guztiz itxia. Argumentu nagusi batzuk garatzen hasten dira, baina etorkizunerako misterio eta gatazka ugari irekita uzten dira. Horregatik, irakurleak jarraipen baten moduan irakur dezake. Erritmoak ere hori erakusten du: hasieran giroa eta pertsonaiak aurkezten dira eta pixkanaka tentsio psikologikoa handitzen doa.

Generoari dagokionez, eleberri gotiko garaikide baten ezaugarri ugari ditu. Giro iluna, sekretuak, familiaren barruko botere harremanak eta naturaren presentzia mehatxagarria etengabeak dira. Aldi berean, suspense narratiboa oso indartsua da, eta horrek misteriozko eleberriaren elementuak gehitzen ditu. Ez dago fantasiazko mundurik, baina badira azalpen arrazionaletik ihes egiten duten gertakizun eta pertsonaia batzuk.

Gai nagusien artean familia boterea dago. Caskey familiaren barruko harremanek erakusten dute nola ekonomiak, interesek eta botereak pertsonen arteko loturak baldintzatzen dituzten. Horrez gain, klase sozialak ere garrantzia handia dauka: herri txiki bateko biztanleen arteko desberdintasun ekonomiko eta sozialak etengabe agertzen dira. Uholdeak berak naturaren indarra eta gizakiaren ahultasuna erakusten ditu eta naturak gizakien gain duen kontrola iradokitzen du. Beste gai batzuk ere ageri dira: sekretuak,  anbizioa eta  misterioa.

Argudioari dagokionez, istorioa Alabama inguruko herri batean hasten da, uholde handi baten ondoren. Egoera horretan agertzen da Elinor izeneko emakume misteriotsua. Hasieratik sumatzen da pertsonaia horrek zerbait ezkutatzen duela. Pixkanaka, Caskey familiaren barruko gatazkak eta interes ekonomikoak areagotzen dira eta irakurleak tentsio gero eta handiagoa sentitzen du.

Pertsonaia bakoitzak nortasun berezia dauka eta elkarrizketen eta ekintzen bidez definitzen dira. Elinor pertsonaia enigmatikoa da; haren isiltasunak eta jarrerak etengabeko susmoa sortzen dute. Bestalde, Mary-Love Caskey familiako matriarka boteretsua da  eta kontrolaren bidez mantendu nahi du familiaren agintea. Bi emakumeen arteko tentsioa funtsezkoa da kontakizunean.

Narratzailea hirugarren pertsonakoa eta orojakilea da. Pertsonaia guztien pentsamenduak eta ekintzak ezagutzeko aukera ematen dio irakurleari, baina informazioa dosifikatuz egiten du. Horri esker suspensea mantentzen da. Narratzaileak deskribapenaren eta giroaren bidez gidatzen du kontakizuna. Ez da narratzaile gezurtia, baina bai misterioaren parte den narratzaile bat, irakurleari informazio guztia ez baitio berehala eskaintzen.

Deskribapenek garrantzi handia dute. Herriaren giro hezea, ibaia, etxeak eta eguraldia modu oso bisualean azaltzen dira. Naturaren presentzia ia pertsonaia bat balitz bezala sentitzen da. Giroak tentsioa handitzen du  eta espazioek emozioekin lotura zuzena dute.

Liburuak ez dauka ilustraziorik eta testuan oinarritzen da guztiz. Hala ere, deskribapen literarioak oso bisualak direnez, irakurleak erraz irudika ditzake espazioak eta pertsonaiak. Horregatik, irudien falta ez da hutsune moduan sentitzen.

Irakurleari hainbat hausnarketa proposatzen dizkio eleberriak. Naturaren aurrean gizakia benetan boteretsua ote den galdetzen du. Aldi berean, familiaren barruko botere harremanei buruzko galderak planteatzen ditu: zenbateraino baldintzatzen gaituzte odol loturek eta interes ekonomikoek? Emakumeen boterea ere modu interesgarrian aurkezten da, batez ere garai historiko jakin batean kokatutako istorioa izanik.

Azken batean, eleberri misteriotsua da. Irakurketa erraza izan arren, giroak eta pertsonaien arteko harremanek sakontasuna ematen diote. Familia saga baten hasiera moduan funtzionatzen du eta irakurlea hurrengo zatietara eramateko gaitasun handia dauka. Michael McDowellek tentsioa modu eraginkorrean eraikitzen du, horrek eleberri berezi eta erakargarria bihurtzen du.


Blackwater bat. Uholdea