Izenburua: Bilduma ikusezina
Ilustratzailea: Malen Amenabar
Itzultzailea: Naroa Zubillaga
Argitaletxea: 1545
Urtea: 2025
Bilduma: Ikimilikiliklik
Orri kopurua: 63
Adina: 16tik gora
Laburpena:
Gustuz zainduta dator “Bilduma ikusezina” bere 63 orrialdetan. Detailez konbinatzen ditu argitaletxearen bildumarako sarreratxoa, sei ilustrazio interesgarriz zipriztindutako ipuina bera eta orri nahiz letra kolore ezberdinetan datorren hitzostea.
Azalean agertzen ez den baina barruan topatzen den azpitituluak ere gehitzen dio gatza platerari: “Inflazio alemaniarraren pasadizo bat”.
Pasadizo konkretuaren lehen paragrafoak tren batean kokatzen gaitu aurkezten ez den lehen pertsonako narratzaile batetik. Ez dugu bidea berarekin egingo, ordea. Dresden osteko bigarren geltokian sartu den “jaun zahartutxe” batek kontatuko digu ipuina edo, agian hobeto esanda, konfesatuko digu gertatutakoa. Honen izenik ere ez dugu jakingo (momenturen batean R. jauna gisa aipatzen bada ere) baina bere lanbidea bai: hogeita hamazazpi urtez izan da familiako galerian arte-merkatari. Gerra ostean negozioa ez doa ondo, artea ez da lehentasuna eta hamarkadetan bezero izan duten gizon bat bisitatzea erabaki du: bizirik jarraitzen duen ez badaki ere bilduma ikusgarria bateratu behar izan du.
Bildumagilea da (aipatzen diren artistez gain) izendatzen den pertsonaia bakarra: Herwarth. Izena bai, abizenik ez. Umeei bezala, izena bakarrik. Laurogei urteko umea bezala. Bere bilduma, bere altxorra, ikusteko gai ez den laurogei urteko umea bezala. Begiez gain beste zentzuak ere itsutu zaizkiola dirudi ez baita bere familia, bere herria pairatzen ari den egoeraz jabetzeko gai.
Bigarren narratzailearen tonu zurruna mantentzen du testuak bai bildumagilearen aurrean bai honen alabak ama eta bien artean hartutako erabakien berri ematen dionean ere.
Xamurtasunean erori gabe jarraituko du aurrean hauen gezurra antzeztean ere. Ipuinak ez gaitu lehen paragrafoko lehen narratzailera itzultzen, ez gaitu berriz hasierako tren konpartimentuan kokatzen; konfesioak ez du agian penitentziarik eskatzen.
Malen Amenabarren lana ez da alde batera utzi behar, berak egindako ilustrazioek giro malenkoniatsu eta sakona ematen diote testuari, eta Naroa Zubillagaren itzulpenak Zweigen prosa bizi eta psikologikoa euskarara ezin hobeto ekartzen du
Hitzostea gehigarri interesduna da ipuina gai filosofikoekin dantzan jartzeko.