Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Beluga operazioa: 3000 balearen salbatze harrigarria Artikoan

Ilustratzailea: Raul Nieto Guridi

Itzultzailea: Zuzanna Celej

Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial

Urtea: 2025

Bilduma: Babel, 6

Orri kopurua: 32

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album ilustratu hau egiazko gertakari batetan oinarritzen den narrazio literarioa da. Istorio erreal bat kontatzen du, haurrei egokitua.

Gai moduan honakoak azpimarratuko nituzke: gizakiaren eta naturaren arteko harremana, elkartasuna eta komunitate-lana, arazoei irtenbidea aurkitzeko sormenaren indarra, eta baita musikak duen aparteko dohaina ere.

Naturarekiko errespetua islatzen duen kontakizun honen tonua itxaropentsua eta baikorra da. Une batzuetan tentsioa gailentzen bada ere --gizakiei (eta baita animaliei ere) denbora agortzen ari zaigulako--, hunkigarritik gehiago du dramatik baino.

Istorioa Artikoan kokatzen da, gau polar betean, Akkú izeneko txuktxi kulturako mutiko batek izotz artean harrapatuta geratu diren milaka beluga balea aurkitzen dituen unean. Albisteak komunitate indigena osoan zirrarara eragiten du eta jatekoa ematez gain, izotza apurtzen diete baleek arnasa har dezaten. Egoera horrek kanpoko agintariak mobilizatzen ditu, eta hainbat ahalegin egiten dira baleak askatzeko, tartean izotza apurtzeko ontzi erraldoi bat ekartzea. Hala ere, saiakerak ez dira aski izango, eta egoera geroz eta larriagoa bihurtzen da. Zorionez sormenaren bidetik Akkúk irtenbide sortzaile bat proposatzen du: musika klasikoa erabiltzea. Horrela, Txaikovskiren melodiek belugen arreta pizten dute, eta poliki‑poliki, baleek izotzezko tranpa atzean utzi eta askatasunerako bidea hartzen dute.

Raul Nietoren ilustrazioek giro hotz, isil eta zabal baten sentsazioa sortzen dute, Artikoaren handitasuna eta bakardadea irudika dezagun. Orrialde bikoitzekoak dira, eta zenbaitetan bineta moduan eskaintzen dira. Kolore nagusiak zuriak, urdinak eta grisak dira, izotzaren eta gau polarraren atmosfera eraikitzeko. Irudiek eskala handia erakusten dute, esate baterako, drone baten modura airetik ageri direnak, eta hurrengo orrialdean protagonistaren eta beluga‑taldearen tamaina eta ingurunearekiko hauskortasuna nabarmentzen dutenak. Ilustrazioak, beraz, ezinbestekoak dira kontakizun honetan.


Beluga operazioa: 3000 balearen salbatze harrigarria Artikoan