Izenburua: Begi bat galdu zuen elefantea
Idazlea: Bloniface Ofogo
Ilustratzailea: Marc Taeger
Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Urtea: 2024
Bilduma: Amets egiteko liburuak
Orri kopurua: 40
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Afrikar ipuin tradizional batean oinarritutako album ilustratu hau zailtasunei lasaitasunez aurre egitearen garrantziaz mintzo da. Tonu alaia eta erritmo narratibo arina ditu, ahozko transmisioaren kutsua mantenduz. Protagonista elefante bat da, bere ohiko jolas batean ezkerreko begia hodeietara jaurtitzen duena. Begia errekara erorita galtzen da, eta hortik aurrera hasten da bilaketa: hasieran pazientziaz eta gero urduri eta aztoratuta. Bere urduritasunak ura nahastu eta bilaketa zailtzen du, eta animalia ugariri galdetu arren, alferrik dabil. Azkenean neskatxa bat agertzen da, eta lasaitzeko gomendioa ematen dio. Elefanteak hori eginez, ura baretu eta gardendu egiten da, eta begia azkenean aurkitzen du.
Testua laburra da, baina indar narratiboa handia du. Onomatopeiak eta errepikapen formula sinpleek ahozko tradiziotik edaten dute. Ilustrazioek tonu beroak eta arkatzezko trazu biziak dituzte, Afrikako giroa eta fauna modu alaian irudikatuz.