Izenburua: Banda ezezaguna
Ilustratzailea: Nadia Budde
Itzultzailea: Ainhoa Irazustabarrena
Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Urtea: 2025
Bilduma: Amets egiteko liburuak
Orri kopurua: 40
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honen bost protagonistak erabat fantastikoak badira ere, bertan garatzen den istorioa erreala da oso. Gaia norberak bere burua izatearen balioa eta aurreiritziak gainditzea. Tonua umoretsua eta bihurria. Erritmo azkarra eta zoroa.
Izenburuak dioen bezala, talde ezezagun bat heltzen da herrira autobusez. Banan banan eta era metatuan, kide bakoitzak ezaugarriak estalgabetzen ditu. Inork ez ditu ezagutzen, baina musika talde zoroa osatzen dute, rock doinu alaiak ilusioz eta indarrez jotzen dituena. Hasieran ezezagunak eta mesfidantza pizten bazuten ere, erakargarriak, dibertigarriak eta guztien gustukoak suertatzen dira. Istorioak aurrera egin ahala, irakurleak ezezagunak eta ezberdinak ziruditenak benetan ezagunak eta gainerako biztanleen oso antzekoak direla egiaztatuko du.
Liburua irekitzearekin batera, adi egoteko deia jasotzen du irakurleak, babes orrietan protagonistak deskubritzeko pistak ematen dizkigutelako.
Testu sinplea da, esaldi motzak eta askotan aditza infinitiboan eta elkarrizketak tarteka. Errima sinpleek osatua. Beraz, ulerterraza eta bizia. Testu osoa letra larriz idatzita dago, hitzak eta esaldiak eszenetan integratua.
Testu laburra izatean, liburu honetan protagonismo handiena hartzen dutenak ilustrazioak dira. Irudi handiak, kolore bizikoak hondo neutroko eszenetan kokatuta. Marrazki sinpleak, baina adierazgarriak. Estilo ausarta, lerro beltz lodiekin eta kolore solidoekin. Pertsonaiak forma eta itxura berezikoak dira, kolore eta espresio bizikoak. Protagonisten begiradak irakurleei zuzenduta daude, konplizitate bila egongo bailiran, herritarrak hauei begira dauden bitartean.
Imanol Merceroren kritika Berrian