Izenburua: Baga Biga Higa
Idazlea: Maria Giron
Ilustratzailea: Maria Giron
Itzultzailea: Jon Martin-Etxebeste
Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Urtea: 2024
Orri kopurua: 40
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album honek lagunarteko hondartza egun baten kontakizuna eskaintzen du, horretarako kontakizunak egitura akumulatibo eta errepikakorra erabiltzen du. Baga, Biga eta Higa protagonistak etxez etxe abiatzen dira lagunak biltzera: Laga, Boga, Sega eta Zai. Taldea handituz doa, eta guztiek elkarrekin hondartzan egun zoragarri bat igarotzen dute. Istorioak ez du trama konplexurik, baina eguneroko bizitzako une sinpleen indarra baliatuz, alaitasuna eta bizitasuna transmititzen ditu, tonu alaian eta irakurleari irribarrea eragiten dion amaierarekin. Haurtzaroaren alde ludikoa eta adiskidetasunaren balioa nabarmentzen ditu.
Ilustrazioek kolore biziak darabiltzate eta formatu horizontaleko orrialde osoak hartzen dituzte, hasieran fondo beixaren gainean marraztuak, eta ondoren itsas giroko kolore bizi eta argitsuez beteriko paisaietan. Irudi bakoitzean pertsonaien ezaugarri nagusiak elementu sinpleen bidez iradokitzen dira (patinetea, baloia, koltxoneta…), detaile ugarietan galdu gabe baina identifikazioa erraztuz. Itsasora iristean, koloreek protagonismoa hartzen dute, hondartzako giroa eta eguna aurrera doan heineko argiaren aldaketak irudikatuz.
Kontakizunaren tonua eta konposizioa naturaltasun handiz uztartzen dira, narrazioaren eta irudien arteko oreka zaindua lortuz.
Maria Girónek Compostela Nazioarteko Album Ilustratuaren Saria irabazi zuen 2024an lan honengatik.