Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: b planeta

Ilustratzailea: Lorena Martínez Oronoz

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2024

Orri kopurua: 42

Adina: 6tik gora


Laburpena:

“Eta txoritxo batek sekretu bat esango balizu zure-zurea eta bere-berea eta guzti-guztiona, zer egingo zenuke?” Hasierako galdera honetaz gain apenas testua duen eta ilustrazio iradokitzaileetan oinarritzen den album ilustratu hau gizakion eta naturaren arteko harremanean hausnartzera gonbidatzen du irakurlea.

Narrazioa lau sekuentziatan banatzen da: lehenik, txoritxo batek mutiko bati sekretua kontatzen dio; ondoren, mutikoak arbola baten kimuari xuxurlatzen dio eta hazkundea pizten du; gero, mezua planetan barrena hedatzen da; eta azkenik, maitasuna nagusi den planetaren irudia eskaintzen da, irakurlearen esku utziz haren eraikuntza.

Fondo txuriaren gainean bi kolore erabiliz sortutako irudiak dira: beltza (txoria, mutikoa, arbola eta planetaren perfilak) eta arrosa (bihotz bilakatuko diren xuxurlatutako sekretuak); babes orriak berde argiak dira. Sekuentzian sortutako irudiak dira, eta orriak azkar pasatzean mugimendu-ilusioa, sortu beharko lukete. Mugimendu-irudien koaderno baten modukoa da formatua bera ere, txikia eta horizontala. Kasu honetan ordea, orrien gramajeak jolasa eragozten du, irakuketa motelagotuz eta hausnarketari bide emanez.

Albumak planteamendu iradokitzaile eta filosofikoa egiten du, irakurlea galderak egitera, interpretatzera eta elkarrizketan aritzera bultzatuz. Gaurkotasun handiko gai bati heltzen dio modu originalean, eta baliabide estilistiko guztiak erabiliz, irakurketa esperientzia aberats eta irekia eskaintzen du.


Prentsako aipamenak:

 


b planeta