Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Asfaltoaren azpian, lorea

Ilustratzailea: Rocío Araya

Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun

Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial

Urtea: 2025

Orri kopurua: 32

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Narrazioa egungo hiri edo herri baten iruditik abiatzen da, asfaltoak eta farolek hartutako espazio txuri-beltz batean, eta narratzaileak gogorarazten digu gaur egun kalea eta zementua diren tokietan lehen natura zegoela. Sarrera moduko hori eta gero, hurrengo orrialde bikoitzean testuak denboran atzera egiten du, kolorez blaitzen da ilustrazioa, eta urbanizazioa existitu aurreko paisaia naturalera eramaten du irakurlea.

Hiririk ez zen garai hartan saltzaile ibiltari familia bat iritsi zen bertara, eta haien artean Leon izeneko haurra. Haurraren begiradatik ezagutzen ditugu familiaren bizimodu nomada eta haien arteko harremanak. Aldi berean, iraganeko oroitzapenak eta lehen maitasunaren galera agertzen dira.

Kontakizunak natura eta hiriaren arteko kontrastea erakusten du, bai eta denboraren joanarekin desagertzen diren paisaiak, bizipenak eta uneak ere. Tonua nostalgikoa da eta naturarekiko lotura emozionala azpimarratzen du.

Rocío Arayaren ilustrazioek testua laguntzen dute, kolorearen erabileran oinarrituta: asfaltoaren grisak eta hiriaren tonu ilunek naturaren berdeekin eta lorearen kolore biziarekin kontraste argia sortzen dute. Irudiek paisaiaren bilakaera eta naturaren presentzia iradokitzen dute, testuak planteatzen duen denboraren eta espazioaren arteko jauzia bisualki indartuz.

Albuma deigarria da oso estetikoki. Ilustrazioei, pintzelaren zertzelada eta argizariekin eginiko lerro nabariekin eginak, ordenagailu ukiturik apenas nabaritzen zaien. Testuak duen tonu malenkoniatsuarekin bat eginez, Marc Chagallen estilora eginiko irudi espresionistek kutsu erromantikoa ematen diote albumari. Baiki, olio eta argizari margolan artistikotik gehiago dute, lerro soileko marrazki sinpletik baino.


Prentsako aipamenak:

Xabier Etxanizen kritika Argian


Asfaltoaren azpian, lorea