Izenburua: Arina
Ilustratzailea: Raquel Catalina
Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun-Sagalà
Argitaletxea: Bookolia
Urtea: 2025
Orri kopurua: 40
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honetan topatuko duzu neskatila baten eta itsasoaren arteko harremana, testu poetiko eta irudi handiekin kontatua.
Istorioaren tonua intimista da eta emozionalki sakona, ilustrazioen bidez senti daitekeena batez ere, eta baita testuaren ñabardura eta poetikotasun eta musikaltasunetik. Eguneroko ekintza xumeetatik abiatuta iradokitzen ditu gaiak: pertsonen arteko harremana, maitasuna, natura...
Liburuaren azalak aurreratzen du neska protagonista uretan murgilduko dela.
Testu zati laburrak, soilak eta era berean poetikoak ditu: “olatu bat su artifizialetan lehertzen da”, “suge bat naiz, labirinto arriskutsuetan sigi-saga”.
Argudioari dagokionez, ez du narrazio linealik jasotzen, zentzumenetatik abiatutako esperientzia batean oinarritzen da: hiriko arranpa eta eskailerak atzean utzita, kostaldera hurbildu eta uretan sartzearekin batera itsasoarekin bat egiten den unea gorpuzten du (eta gorputzaren bidez).
Istorioak bigarren edota hirugarren irakurraldi bat eskatzen du, ilustrazio eta bestelako ñabarduretan sakontzeko. Zentzu horretan irudiek narrazioari ezinbesteko ekarpena egiten diete, zenbaitetan hitz bat eta orrialde bikoitzeko irudi bakarrean oinarrituta. Testuarekin guztiz bat datoz, eta hitzen bidez esaten ez dutena osatzen dute. Akuarelaz egindako tonu leunez lagunduta emozio eta testuinguruari buruzko informazio gakoa eskaintzen dute. Hasieran neskaren gerrialdea agerian jartzen dute, edota mutiko batek bizkarrean hartuta uretara daraman unea islatzen dute. Protagonistak sentitzen duen arintasuna erakusten dute irudiek, eta azken orrialdean agerian gertatuko da gurpildun aulkian dabilen neskaren emozioak transmititzen ari zaiola irakurleari.
Testura bereziko liburua da, azala ukitzean plastilinaren goxotasuna gogorarazten duena.