Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Altzearen liburubusa

Idazlea: Inga Moore

Ilustratzailea: Inga Moore

Itzultzailea: Amets Santxez Munain

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2021

Orri kopurua: 48

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Altzeak inork baino hobeto kontatzen ditu ipuinak, eta gauero, afalostean, ipuin bat kontatzen zion bere familiari. Gau batean, ordea, jada lehendik kontatu ez zuen ipuinik burura etortzen ez zitzaiola ikusita, altze andreak ipuin bat irakurtzea iradokiko dio. Auzokideengana ipuin eske abiatuta konturatuko da auzoan inork ez duela ipuinik, beraz, herriko liburutegira joko du ipuinak maileguan hartzera. Auzokideak, altzea esku bete liburu ikusten dutenean, pixkanaka haren etxera gerturatuko dira altzeak irakurtzen dituen istorioak entzutera, egun batean etxea animaliez lepo beteko zaion arte. Orduan, altzeak autobus zahar bat erosi, konpondu, liburuz bete eta ingurukoak liburuak mailegatzera animatuko ditu. Auzokideek ordea, ez dakite irakurtzen! Elkarri irakurtzen erakutsi eta hortik aurrera batzuetan nor bere etxean, eta besteetan auzokideen konpainia onean, irakurketaz gozatu ahal izango dute guztiek.

Album ilustratu hau irakurketa-bitartekarien rolaren garrantziaz eta irakurketa partekatuaren plazeraz ari da.

Ilustraziorik gabe istorioa jarraitu badaiteke ere, orrialde bakarra batzuetan eta orrialde bikoitza gehienetan hartzen duten ilustrazioek, informazio gehigarria eta balore erantsia ematen diote kontakizunari. Pastel tonuetan eginiko ilustrazio xamurrak dira, detailez beteak, basoan bizi diren, baina gizatiartuak dauden animalien egunerokotasunari buruzko informazioa ematen digutenak. Halaber, azala eta kontrazaletik, edo babes-orrialdeetatik irakurketa hasiz gero, narrazioan gertatuko dena aurreikusi daiteke. Zenbaitetan gainera irakurlearekin jolastu egiten du ilustratzaileak, eta tonu umoretsua eransten dio kontakizunari, kastore bihurriek eszena utzi eta irakurleari begiratzen diotenean esaterako. Eta jolas horretan, eskarmentua duen irakurleak hainbat ipuin ezagun deskubrituko ditu pertsonaiek eskuartean darabilten ipuinetan.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian


Altzearen liburubusa