Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Alizia Erokerien lurraldean

Idazlea: Evald Flisar

Ilustratzailea: Hana Tintor

Itzultzailea: Gerardo Markuleta

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2024

Bilduma: Ostiral saila

Orri kopurua: 233

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Eleberri fantastiko honek azal ederra du. Atzealde grisean, koloretan azaltzen dira eleberriko bi protagonistan salto egiten. Ilustrazioa Hana Tintor-ena da, barruko irudi guztiak bezalaxe. Formatuari dagokionez, liburua azal bigunak ditu, hegalekin.

Liburuak 20 kapitulu ditu. Fantasiazko eta umorezko eleberria da, surrelaismo kutxu batekin. Aneturazkoa dela ere esan daiteke. Eleberrian lantzen diren gai nagusiak baliabide naturalen agorpena eta hazkunde ekonomikoaren paradoxa dira, Pottington hiriko egoera bitxiaren bidez irudikatuta. Hiria mantentzeko baliabideak ustiatzen dituzte, baina horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten. Biztanleek sistemaren parte izaten jarraitzen dute, euren jarduerek arazoa elikatzen dutela konturatu gabe. Zuloaren hazkundea eta haren inguruko jarduera ekonomikoa ziklo suntsitzaile baten sinbolo dira. Eleberriak gizartearen itsutasuna eta ekonomiaren logika absurdoa umorez eta ironiaz jorratzen ditu.

Hana Tintor-en ilustrazioek eleberriari ukitu bisual berezia ematen diote, narrazioaren tonua eta giroa indartuz. Bere estiloa jostagarria, ausarta eta burutsua da, eta irakurlearen irudimena pizten du, testuaren ironia eta sinbolismoa bisualki lagunduz. Ilustrazioek ez dute soilik istorioa osatzen, baizik eta hausnarketarako eta interpretaziorako espazioa eskaintzen dute. Kolore eta forma bidez, Pottington hiriko absurdoa eta zuloaren mehatxua modu iradokitzailean irudikatzen dira. Horrela, testuaren eta irudiaren arteko elkarrizketa sortzen da, esperientzia literarioa aberastuz.

Estilo narratiboa argia eta jarraitua da, Aliziaren ikuspegitik kontatua. Narratzaile orojakilea da (hirugerren pertsonan). Elkarrizketek umorea eta ironia darabiltzate, baina gogoeta sakonak pizten dituzte. Alegoriaz eta sinbolismoz betea dago, irakurleari interpretazio askatasuna eskainiz. Hizkera ulerterraza da, baina gai konplexuak jorratzen ditu. Estilo honek entretenimendua eta hausnarketa uztartzen ditu modu eraginkorrean.

Eleberriak hausnarketarako aukera ugari eskaintzen ditu, batez ere gure gizartearen eta ekonomiaren funtzionamenduari buruz. Baliabide naturalen agorpena, hazkunde ekonomikoaren logika zentzugabea eta sistemaren menpekotasuna bezalako gaiak jorratuz, irakurlea galdetzera bultzatzen du ea gure eguneroko jarduerek benetan aurrerapena ekartzen duten ala autodestrukziora garamatzaten.

Eleberriak umorea eta ironia erabiliz erakusten du nola gizarte batek, bere burua salbatu nahian, bere hondamendia bizkortu dezakeen. Bestalde, testuak ez du mezu itxi edo moralista bat ematen; aitzitik, hainbat elementu irekita uzten ditu irakurleak bere interpretazioa egin dezan. Zuloaren sinbolismoa, biztanleen itsutasuna edo Aliziaren eta osabaren jarrera bezalako elementuek irakurlearen parte-hartzea eskatzen dute: zer da zulo hori gure munduan? Zer rola dugu guk sistemaren barruan? Eleberriak ez digu erantzun zuzenik ematen, baina galdera garrantzitsuak planteatzen dizkigu.


Prentsako aipamenak:

 


Alizia Erokerien lurraldean