Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Afaltzera etorri ziren otsoak

Idazlea: Steve Smallman

Ilustratzailea: Joëlle Dreidemy

Itzultzailea: Jone Hualde

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2021

Orri kopurua: 32

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek gai sozial bat dakarkigu berarekin, fantasia ukitu batekin: Ezberdinak izateagatik, protagonistak diren bi animaliek afektuzko harreman bat izateko bizi dituzten zailtasunak: Otso otsoa eta Erregosi arkumea.

Gaia laguntasun harremana bera da, otsoari dagozkion estereotipoak apurtzen dituelarik bereziki. Tonu misteriotsua darabil egileak, umore ukituarekin.

Arkumea eta otsoa lagun onak dira, baina basoko animalien ustez arkumea arrisku larrian dago, eta kezkatuta daude. Arkumeak etxera jolastera gonbidatzen ditu basoko lagunak, baina denek ihes egiten dute otsoaren beldur. Egoera argitze aldera otso protagonistak beste otso adiskideak gonbidatzen ditu afaltzera, denen aurrean argi uzteko Erregosi arkumea ez dela janari. Afari hura eta gero, basoko animaliak are kezkatuago sentitzen dira. Gauzak horrela, gau batez basoko animaliak arkumea salbatzera joaten dira. Orduan, sorpresaz, arkumeak ulu beldurgarri bat egiten du, eta guztiei lezioa ematen die: lagunei minik ez! Gau hartan guztiek elkarrekin lo goxo-goxo egiten dute sutondoan.

Ilustrazioak arkatz beltzez egin dira, eta akuarelaz margotu. Samurtasunez beteriko irudiak dira, otsoaren eta arkumearen arteko keinuek emozio ugari transmititzen dituzte. Irudiek testua osatzen dute, eta bi orrialdeak hartuz nahiz bineta txikiagoetan aurkezten zaizkigu. Narrazio orokorraz gain, elkarrizketa batzuk, bigarren mailakoak direnak, globoetan ageri dira. Testuaren kokapena batzuetan ilustrazioarekin bat eginik agertzen zaigu, tamaina ezberdinetan eta forma anitzetan. Esan daiteke elkar elikatzen dutela testuak eta ilustrazioek.


Afaltzera etorri ziren otsoak