Izenburua: 24 ordu Antarikan
Idazlea: Andy Prentice
Ilustratzailea: Laurent Kling
Itzultzailea: Unai Brea
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2024
Bilduma: 24 ordu
Orri kopurua: 64
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Ezagutza liburu fikzionatua da. “24 ordu” izeneko bilduma baten parte da honakoa, zeinak ingurune edo/eta garai desberdinetan egun bat bizitzea zer den erakustea duen helburu. Komikiaren forma eta lengoaia darabilte guztiek, eta honek, zehazki, asmatutako pertsonaia batzuen gertakarien bidez, Antartikako ikerlariek bertan egiten duten bizimoduaren berri ematen digu.
Goizeko 7:15etan hasten da kontakizuna, Viv, Rothera estazioan bizi den mekanikaria, esnatzen denean eta estazioko egun oso bat kontatzen zaigu pertsonaia honetxen bitartez. Estazioko profesionalen zereginak, Antartikako animalia eta ingurunearen ezaugarriak eta bertako pertsonen elkarbizitzaren inguruko datuak eta pasadizoak kontatzen dira komikiarenak diren baliabideen bitartez: hitzak eta irudiak, biñetak, bunbuiloak, onomatopeiak... Honi jakintza liburuen baliabideak gehitzen zaizkio: mapak, gezidun azalpenak, animalia eta inguruen irudikapenak, amaierako glosarioa...
Komiki klasikoak ohi duenez, kolore saturatuz betetako marrazki ikonikoak darabiltza, baina errepresentazio errealetik nahiko hurbil daudenak, animaliak eta ingurua irudikatzerakoan, bereziki. Kolore urdinak eta zuriak presentzia handia dute, Antartikan kokatua baitago, baina estazio barruko espazioak eta pertsonen bizimoduak irudikatzerakoan horiek eta bestelako kolore beroek dute nagusitasuna, kanpo-barne kontrastea azpimarratuz.