Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: 1 arte zenbatzeko liburua (ez pentsa gutxi denik!)

Idazlea: Caspar Salmon

Ilustratzailea: Matt Hunt

Itzultzailea: Amets Santxez

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2022

Orri kopurua: 25

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Umorezko album ilustratua da. Narratzaileak ematen dituen aginduei jarraituta, irakurleak soilik 1 arte zenbatu beharko du, nahiz eta batzuetan ez izan irudi lukeen bezain erraza. Kolore biziak eta ilustrazio ikonikoak erabiltzen dira albumean, tonu umoretsuaren mesedetan, eta testuaren eta ilustrazioaren arteko lotura ezinbestekoa da liburuak funtzionatzeko.

Istorioaren helburua 1 arte zenbatzea da, eta ez gehiago. Horretarako, apurka-apurka zailtzen doazen erronkak planteatzen dira, bi orrialdetara. Irakurleari adi egotea eskatzen dio liburuak, gaizki zenbatu ez dezan zirikatu egiten du maiz (liburuan bertan ere esaten du, atzealdean: Irakurle txikiak zirikatzeko liburua). Narratzaileak irakurleari aginduak ematen dizkio etengabe. Bien arteko harreman horretan, irakurleak aurrera egin ahala, animoak ere ematen dizkio narratzaileak ("primeran", "ikaragarria", "aupa zu",…). Amaiera aldera, 2 arte zenbatzera behartzen du liburuak haurra, ezinbestean. Narratzaileak "kale" egiten du, baina irakurlea zoriontzen du, zenbatzeko duen gaitasunarengatik. Erronkei aurre egiteagatik saria ematen dio, eta, guardetan, 100 ilustrazio irudikatzen dira, irakurleak 1etik 100era zenbatzeko gogoa badu, hala egin dezan. Ehun gauza horiek, arretaz begiratuz gero, liburuan zehar agertu direla konturatuko gara.

Ilustrazioari dagokionez, ordenagailu bidezkoa da, ikonikoa eta kolore biziduna, istorio beraren tonuari mesede egiten diona. Marrazki gehienen atzeko planoa zuria da --salbuespenen bat kenduta--, eta kolore primarioak asko erabiltzen dira (sagar gorria, esaterako).


1 arte zenbatzeko liburua (ez pentsa gutxi denik!)