Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Txano gorritxo eta amona basatia

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Carme Solé

Argitaletxea: Giltza

Urtea: 2003

Bilduma: Tukan Urdina

Orri kopurua: 47


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Berria, 2004ko martxoaren 6a Gure kulturan dagoen ipuinik ezagunena omen dugu Txano Gorritxo. Perraulten bertsioan otsoak jan egin zuen; Grimm anaienean, aldiz, amaiera zoriontsua eskaintzen zaio irakurleari, eta handik etengabe gozatu dugu neskatxa honen ipuinarekin eta ipuin aldaerarekin. Duela gutxi, urtarrila bukaeran, Genaro Gomez irakasleak, doktorego tesian Grimm anaien ipuinei buruz hitz egitean, zera adierazi zuen, ipuin horiek aldatuz joan direla gizartea aldatu den neurrian.

Juan Kruz Igerabideren Txano Gorritxo hau ez da Perraultena, ezta Grimm anaiena ere. Edo Bai? Hasi-hasieran honako hitz hauek topatzen ditugu: "Ezagutzen nuen herrialde bat non Txano Gorritxoren istorioa beste era batera kontatzen zuten, ipuinarekin puzle bat eginez bezala. Istorioa desberdin samarra zen, amona ere desberdina, eta gurasoak, berriz...". Hots, Igerabide narratzaileak ez digu kontatuko ohiko istoria, nahiz eta ipuin bera izan, baina beste era batera, eta beste istorio bat "Liburu honetan kontatzen den Txano Gorritxoren istorioa ez da beti entzun izan duguna".

Irakurleak, beraz, ez dezala espero betiko neskatxa, betiko otso zitala, betiko amona gaixoa... lehendabiziko kapituluan bertan otso basatiak amona jaten du, eta orduan "gauza ikaragarri bat gertatu zitzaion, ez amonari, otsoari baizik"; amona txilibitu joka hasiko baita otsoaren sabeletik. Baina une horretan bertan hasiko da ipuin-jolas hau. Idazleak hasieran aipatu bezala, ipuin hau puzzle handi bat delako, eta istorio, gertakari eta pertsonaia ezberdinak azalduko zaizkigu pieza solte gisa, irakurri ahala osatzen joango garen puzzle handi bateko piezak. Joko horretan guztiz nabarmena eta garrantzitsua da Igerabideren lana, trebezia handiz pieza eder eta egokiak bilatu edo sortu dituelako irakurlearen gozamena areagotzeko, irakurketaren uneaz gozatzeko. Eta horrela, irakurlea ez da harritu ere egingo otsoak amona nola jaten duen 40 orrialde beranduago kontatzen denean; bitartean, are handiz jarririk, hainbat kontu, gertakari eta berri eman zaizkiolako.

Txano Gorritxo honek badu Grimm anaien haren usaina, baina baita Igerabideren Bota ura! liburu harena ipuin txiki ugariz osatzean, minimalismoaren erabileran. Horretaz gain, Patxi Zubizarretaren Usoa, hegan etorritako neskatoa ipuinari omenalditxo bat egiten zaio Txano Beltxingo pertsonaiarekin...eta, jakina, gaur egungo errealismo kritiko korronte barruan kokatzen diren ekologiaren defentsa, giza-harremanen konplexotasuna eta antzeko kontuak ere aurki daitezke ipuin honetan. Hitzen bidez, baina baita Carme Sole ilustratzaile ezagunak eginiko irudi bizi, koloretsu eta adierazkorren bidez azalduriko kontuak.

Baina, arestian aipaturiko kontu horiek guztiak baino garrantzitsuagoa dugu egituran egin den ahalegina. Ipuin puzzle bat bezala osaturik dago, istorio txikiez osaturiko puzzle bat, batzuetan pistak (loturak) uzten dituzten piezak, beste batzuetan autonomoak diren istorioak, baina guzti-guztiek osatzen dute liburua, Txano Gorritxoren kontakizun berria. Eta, zalantzarik gabe, hauxe dugu liburuaren baliorik handiena, egituran egindakoa.

Beste batzuetan ere aipatu izan dugu haur eta gazte literaturak, periferiako testuak diren aldetik, duen askatasuna gaia, estiloa, hizkera edo egitura berriak lantzeko. Juan Kruz Igerabideren lan hau dugu horren adibide garbia.

Ipuin honetara hurbiltzen den irakurleak, gainera, gaur egungo gizartean ditugun hainbat gaitz eta egoera aurkituko ditugu: adopzioa, pertsona helduen egoera, dirunahia, maitasun falta, adiskidetasunaren beharra eta indarra eta abar. Alde horretatik ipuin moderno baten aurrean gaudela esan dezakegu, gaur egungo Txano Gorritxo baten aurrean, baina, batik bat, kontakizun eder baten aurrean, literatura txikia handi bihurtzen duen obra baten aurrean.


Txano gorritxo eta amona basatia