Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: SuperLou

Idazleak: Stephanie Blake

Ilustratzailea: Stephanie Blake

Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2025

Orri kopurua: 32

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Nola hitz egin matxismoaz, sexismoaz, bullyingaz, estereotipoez, indarkeriaz, ahalduntzeaz, errespetuaz, laguntasunaz… hitz hauetako bakar bat ere erabili gabe? Ba horixe egiten du Stephanie Blakek: haurrek ohikotasunean ezaguna duten eszena bat hartu eta guzti hori gorpuztu. SuperLou, bere lagun Simon eta Ferdinandekin parkean ari da jolasean. SuperLouk Simoni baimena eskatzen dio, ea utziko dion bere patinetean ibiltzen. Baina Ferdinandek aurre hartu eta esaten dio patinetea ez dela neskentzat. Hau esan eta Ferdinand, patinetera igotzeaz bat, ipurdiz-gora erortzen da. Atzetik, Simonek ere saiakera egiten du, lagunari erakutsi nahian nola irristatzen den. Baina bera ere, zapla! lurrera. Ferdinandek barre eta iseka egiten dio Simoni eta biak borrokan hasten dira. Tarte hori baliatzen du SuperLouk patinetearen gainera igo eta trebezia handiz txiribueltaka hasteko. Lagunek txundituta begiratzen diote eta Ferdinandek eskatzen dio ea erakutsiko dion ibiltzen. SuperLouk orduan erantzun: “patinetea neskentzat ez bada, eskatu mutil bati erakusteko, artaburu halakoa!”. Eta badoa bertatik, Simonekin batera, patinetean igota, Ferdinand bakarrik utziz.

Testu gutxiko liburua da zeren batez ere irudiek kontatzen dute istorioa. Kolore biziak eta trazu xinpleak erabiltzen ditu egileak istorioari indarra emateko. Hondo guztiak guztiz koloreztatuta daude, batzuetan orri bikoitzak kolore berarekin eta bestetan ezker-eskuin kolore ezberdinak erabilita, testuari eta protagonistei are indar handiagoa emateko. Pertsonaiak humanizatutako untxiak dira. Protagonista, arrosaz jantzita dago goitik behera, bihotzak ditu belarrien puntetan, soinekoa darama, eta izenari ohore eginez, kapa eta maskara ere bai. Azalean jada ikus daiteke protagonista jarrera alai, trebe eta indartsuan.


SuperLou