Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Sexu egunsentiak

Idazlea: Fernando Morillo Grande

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 120


Laburpena:
Garai batean dena berria da gure bizitzan, bigarren aldiz jaioko bagina bezala. Eta misteriorik ilunena, mila buruhauste eman arren deskubritzeko irrikarik handiena sortzen diguna: sexua. Hamabost urte ditu Asierrek, eta bere bizitza nahasmen osoa da: Nagore gustatzen zaio, hamasei urteko neska bat, baina ez da ausartzen hitzerdirik esaten ere; gero Clare etorriko da Ameriketatik, edertasunezko miraria dirudiena; eta bere arreba Zuriñe dago, eta bere adiskide Txomin... Umorez eta sentiberatasunez beteriko istorio bat duzu esku artean, gazteentzako nobela askotako topikoetatik haratago sinesgarritasuna eta emozioa uztartzen dituena, eta bere elkarrizketa ugari eta arinei esker ziztu batean irakurriko duzuna.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa Amodio egunsentiak



Elkarlanean argitaletxearen Branka sail sendo eta erakargarrian, bada Ch. Nöstlinger-en lan bat, Ingeles bat etxean, mutil kanpotar baten etorrerak etxe batean sortzen dituen pasadizoak eta katramilak kontatzen dituena. Aski ohikoa da ipuinetan halako elementu arrotz bat sartzea eta horrek eragiten dituenak kontatzea. Bada Branka sailean dagoen Fernando Morillo idazle azpeitiar gaztearen Sexu egunsentiak honetan ere halako zerbait gertatzen da eta lasai aski izenda zitekeen Iparramerikar bat etxean, izan ere Asier eta Zuriñe bizi diren etxera Clare etorriko baita («A zer nolako gazta puska, arraioa. Listua irentsi nuen, bat-batean urdurituta. Benetan polita zen. Esan bezala, alkandora zuriz eta bakero motzez zegoen jantzia, ile beltz luzea zuen, kizkurtua eta soltea. Aurpegia…, aurpegia deskribagaitza zen: alaia, bizia, lasaia. Eta ederra oso.») egunerokotasuna porrokatzera eta loretzeko zorian zeuden amodioei udaberria ekartzera.


Liburua lehen pertsonan kontatua dago eta Asier da, hamabost urteko mutila, lagunekiko harremana eta batez ere amodio bizitzaren hasiera kontatuko diguna. Rosa Monterok esana omen da: «Lehen aldiz maitemintzen direnean, gazteek helmugatzat hartzen dute amodio berri hori, behin betiko biziko diren tokia bailitzan, baina ez dira ohartzen benetan amodio gorabeheren abiapuntua besterik ez dela, hau da, oztopo lasterketa baten hasiera…» Eta Asierren helmuga Nagorerekiko harremanak hastea izango da, baina bien bitartean Clare etorriko da bere musuekin aztoratzera; eta bien bitartean Txomin etorriko da, harrigarria bada ere, Asierren arrebarekin maitemintzera. Baina hori guztia hizkuntza landu eta aldi berean bizian emana zaigu, elkarrizketak bereziki indartsuak eta sinesgarriak dakarzkigu, dena ironia eta umore finez zipriztindua.


Fernando Morillok oso liburu interesgarria plazaratu du eta soil-soilik bi gabezia aipatuko genituzke: batetik, liburuak ekintza, intriga handiagoa izan zezakeen eta, bestetik, izenburua ez da izan zitekeen egokiena; amu erakargarria izan daiteke, baina egia esatera sexua baino gehiago maitemintze aldia eta horrek sortzen duen sentimendu anabasa da primeran eskaintzen zaiguna.

- Gara Hamabost-hamasei urteko gazteek sexuarekin duten harremanaren inguruan garatzen da liburu honen istorioa. Ildo horretatik, gazte batek gazteei buruz idatzitako eleberria dela esan dezakegu. Sexua, mila buruhauste eman arren, deskubritzeko irrikarik handiena sortzen duena dela dio idazleak, eta bizitza osoan galtzen ez den sentimendua dela. Berau adierazteko, elkarrizketa ugari eta arinak testuratzen ditu Fernando Morillok. Umorea ere ez da falta orrialde hauetan, eta zentzu horretan, sentiberatasunez eta umorez beteriko istorio bat dela esan daiteke, gazteentzako eleberri askotako topikoetatik haratago sinesgarritasuna eta emozioa uztartzen dituena alegia. Asier protagonistak hamabost urte ditu eta bere bizitza nahasmenean murgildurik dago: Nagore gustatzen zaio, baina ez da ausartzen hitz erdirik ere esaten; gero, Clare etorriko da amerikatik, edertasunezko miraria dirudiena; Asierren arreba Zuriñe ere tartean dago, baita bere adiskide Txomin ere... Irakurketa atsegin bat izateko osagarri guztiak dituela ez dago zalantzarik.
- Julen Gabiria, Deia Bizitza hain da xelebrea

Lehenengo jaiotza berezkoa da: amaren sabeletik irten eta haurra konturatu ere egiten ez den jaiotza hori. Bigarren jaiotza lazgarriagoa da, besterik ez bada ere (eta ez da gutxi) jaiotza horrek gure historia propioa markatzen duelako. Fernando Morillo gaztearen hitzak dira edo, hobeto esanda, "Sexu egunsentiak" liburuko protagonista den Asier nerabearenak. Eta egunsenti honetan sexua da Asierrek bilatzen duena, itxura batean behintzat; izan ere, sexua bide bat baino ez da, nora eta heldutasunera iristeko. Asier jada ez da umea (esana dugu bigarrenez jaio dela, beraz umezaroa atzean utzita dauka), baina oraindik ez da heldua ere: sentimenduak zurrunbiloka dabiltzan garaian dago, begiak ireki eta mundua inguruan deskubritzen duzuneko sasoian, neskatoak neska eta mostoak kalimotxo bihurtzen diren urteetan. Dena da berria. Eta nerabeak heldua izan nahi du, baina ez daki nola: Asierri Nagore gustatzen zaio, maiteminduta dago berarekin. Baina Clare agertzen da, eta sexurako gogoa pizten zaio. Baina Txomin ere badago, eta Txomini Zuriñe gustatzen zaio, Asierren arreba. Maitasuna, sexua, adiskidetasuna, konfiantza... zeri heldu ordea? Zer egin behar da, esate baterako, Dabidek bezala edozeinekin ligatu ahal izateko? Zer dauka tipo horrek Asierrek ez daukanik? Helduagoa ote da? Eta, hala balitz, nola lortu du helduagoa izatea biak adin berekoak izanik?

Hamaika galdera pizten dira Asierren buruan, eta Morillok ederto menperatzen duen esparru batera garamatza, filosofiara alegia. Baina filosofia bizi eta arin bat da, ideiak iradokiz doana, galderak zabalduz eta erantzunak lerro artean ezkutatuz, betiere umorez betetako irakurketa batean. Idazkera txalogarriz, elkarrizketak dira liburu honen oinarria, Asierrek eta Txominek mundua ulertzeko duten bide bakarrenetarikoa hori baita: berba egitea. Eta berba egite horretan konturatuko dira ezer ez dela hain zaila, ezer hain erraza ez den bezala. Pertsonen arteko harremanak ere, berez hain errazak izanik, askotan guk geuk zailtzen ditugu.

Naturalak izatearen aldeko liburu bat da hau. Bizitza bizitzaren aldekoa, nahiz eta, askotan, bizitza zer den ulertu ez.


Sexu egunsentiak