Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Printze txikia

Idazleak: Seve Calleja Pérez , Antoine de Saint-Exupéry

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2001

Bilduma: Printze txikia

Orri kopurua: 96

Adina: 10tik gora


Laburpena:

 


Prentsako aipamenak:


- Mondragon Unibertsitateak argitaratua Ez da erraza Printze txikiaren inguruan fundamentuzko zerbait idaztea, alde batetik han eta hemen hainbat eta hain ondo idatzi delako, eta bestalde, azken 50 urteotan eman diren aldaketa soziokulturalak nabariak eta sakonak izan direlako.


Baina, kontua da, Patxi Zubizarretaren euskarazko bertsio berria argitaratu dela, eta irakurleek berriz aukera dugula liburu “zahar” hau dastatzeko.
Ez dugu aipatuko Saint-Exupéry-ren historia, edo idazlearen egoera eta motibazioak liburu hau idazterakoan, gai horien inguruan ugari esan delako dagoeneko.

Adieraziko duguna zera da: gure irakurketa. Eta irakurketa berezia, batez ere frantsesez edo gazteleraz hamaika aldiz irakurri dugun testuaren irakurketa delako. Horrek esan nahi du hondoko memorian daukagun hainbat sentimendu, oroitzapen eta ideia azaleratu egiten direla, eta kanporatzen diren heinean gehiago barneratzen direla; hau da, gure munduaren ikuspegia eta pertsona eraikiz eta aberastuz doaz. Eta hori egiteko gai den testu bat, zalantzarik gabe, literatura klasikoa bihurtu da.

Esango genuke Saint-Exupéry-ren Printze txikiaren hainbat pasarte, “ikono irudiak” direla; haien independentzia mantentzen dute, alegia, ez dira subjektuaren proiekzioak ezta erraz eskuratzen diren irudiak ere: distantzia propioa mantentzen dute eta, batez ere horregatik, argitzeko, inspiratzeko eta probokatzeko ahalmena daukate.

Printze txikiaren hainbat pasarte jakinduria unibertsala bihurtu dira eta haien entzule edo irakurlearentzat itxaropenaren eta argitasunaren izarrak dira.
Gozatu egiten dugu idazlearen testu poetikoekin, eta disfrutatu hainbat gairen tratamenduarekin: adiskidetasuna, denboraren izaera, gauza txikien balioa, harrokeriaren kritika, bakardadea... Gozatu eta denbora hartu gure hondo-hondoak entzuteko eta gizakia eta gure gizartea hobeto ezagutzeko. Nahiz eta hainbat urte pasatu lehenengo argitalpenetik, egungo obra poetiko eta kritikoa da. Hori guztia, egia esanda, une honetan ia miraria da.
<
Normala denez, gure haurrei eta gazteei gure historiaren eta gizakiaren lorpen onenak transmititu nahi dizkiegu. Gure ustez, Printze txikia altxor bat da eta horregatik pentsatzen dugu haurrei eta gazteei obra hau entzuteko eta irakurtzeko aukera eskaini behar diegula.

Testua ez da erraza haur txikientzat, baina guk helduok zati aukeratuak eta maitatuak eskain diezazkiekegu eta haiekin irakurri eta entzun autorearen ahotsa. Bestela, eta norberak irakurtzeko, liburua oso gomendagarria da 12 urtetik aurrera.

Zubizarretaren bertsioari buruz esan behar dugu, konturatu gabe, eta xamurtasun osoz sartzen garela testuan, eta hori da, gure ustez, itzultzaile baten meriturik handiena.

Antoine de Saint-Exupéry gertu badabil, agian iritsiko zaio gure eskerrona, bere testurik gabe mundua ilunagoa izango zen eta.


- Manu Lopez Gaseni, Behinola 8. zenbakia, 2003ko maiatza Haurrak betiko

Printze txikia haur literatura modernoko klasiko bat da: Saint-Exupéry hegazkin-zaleak bere bizialdi laburraren azkenaldean idatzi zuen, 1943an, gerrarteko hegazkinetako pilotuen bizimodu epikoari buruzko zenbait liburuen ostean. Liburu sailkagaitza da, inondik ere: askoren ustez helduentzako idazlan bat da, eta haur literaturako historia batzuetan agertu ere ez da egiten; beste askorentzat, berriz, haurtzaroaren funtsa dagoke haur literatura frantseseko obra bakartu horretan: irudimena, xalotasuna, benekotasuna.

Pilotu batek kontatzen digu istorioa, hegazkina matxuraturik Sahara basamortuan bakarrik eta laguntzaren zain dagoen pilotu bat. Hantxe zegoela, Printze txikia agertu zitaion, eta haren munduaren berri eman zion: zein asteroidetatik zetorren, nolakoak ziren inguruan bizi ziren pertsonaiak...; baina, hori baino gehiago, sentitzeko era berezi bat transmititu zion, hain zuzen pilotuaren haurtzaroko sentipenari eta orduko marrazki bitxien oroitzapenetara itzularazi zuen sentikera bat. Nolabait, heltzearekin batera, hori dena Printze txikiak bere ibilbidean ezagututako pertsonaien utilitarismoaren alde galtzen dela adierazten digu kontakizunak. Amaieran ez dakigu printzea hil egin zen, desagertu egin zen ala, narratzaileak nahi zuen moduan, bere planetara itzuli ote zen.

Itzulpenari dagokionez, Zubizarretaren proposamen hau Salbador Garmendia itzultzaile handiak 70eko hamarkadaren hasieran Plan argitaletxean egin zuen bertsioa hobetzera eta eguneratzera dator. Bietan agertzen dira egileak berak egindako marrazkiak. Oraingoan, gainera, paper-azaleko edizioz gain, cartoné gisako edizio bat ere plazaratu dute, txukun-txukuna. Aipagai dugun itzulpen honek, azkenik, Gasteizko udalak haur eta gazte literaturako itzulpenak saritzeko eredu duen lehiaketan gazte saileko lehen saria eskuratu berri du.


Printze txikia