Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Obsexuen kluba

Idazlea: Xabier Mendiguren Elizegi

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1997

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 136


Laburpena:
"Zer da Obsexuen Kluba"?, galdetuko duzue; edo, beharbada eta lehenago: zer da "obsexu" bat? Ba, obsexu bat, ia izenetik bertatik asma litekeen bezala, egun osoan sexuaz pentsatzen ari den norbait da, sexuaz obsesionatutakoa, obseso sexuala deitu ohi zaiona, alegia. Horixe da, hitz batean esanda, obsexua. Hitza ez duzue inongo hiztegitan topatuko, guk geuk asmatu genuelako, Obsexuen Klubekoek. Orain seguru denok jakin nahian ibiliko zaretela, nork osatzen duen kluba, zein diren bere ekintzak eta arauak, edo zer egin behar den bertako kide izateko, ez da hala? Lasai, dena jakingo duzue eta. Filme batek esaten zuen bezala, obsexuez jakin nahi eta galdetzera ausartzen ez zineten guztia.


Prentsako aipamenak:

- Miren Treku, Egunkaria 1997ko urriaren 4a Zaharrak berri

Gutxi gora-behera, bere azken nobelaren (Berriro igo nauzu) egituraz baliatuz hiruzpalau atal nagusi, hainbat azpiataletan banaturik-, Xabier Mendigurenek Obsexuen kluba ipuinluzea eskaini berri digu. Euskal gazte literatura oraindik hain urria denez, berehala jo genuen azken liburu honetara zerbait berria topatu nahian, baina egile beraren Irakasle alu bat irakurri zuenak, tamalez oraingo honetan ere "zaharrak berri" esango du, eta hain zuzen orduko protagonista bera (Martin M.) berriro topatzeagatik...

Irakasle alu bat hartan, Idazleak alferrik galdu baino ez zuen egin irakasle-ikasle arteko harremanen gai korapilotsua. Argitalpen ugariak gora-behera, manikeismoaren eredu zen liburu hark ziria sartzen zion gazteari eta Obsexuen Kluba honek ere ez du besterik egiten. Sexuaren gaia ironia fin, umore eta sakontasunez erabili ordez, arinkeria eta errazkeria "goien gradura" daramatza, eta olio tanta ur gainean bezala, ipuina azalkerian geratzen da. Hala ere, hitzatzean egileak honako hitzok erantsi ditu bere kontzientziaren lasaigarri: "Pasatako aldi on horiez gain, zerbait ikasi dudala ere esango nuke: sexuaren poza bi lagunen artean dastatzen baldin bada, bi horien arteko komunikazioa behar dela zerbaitetara iristeko; aldizkariak eta bideo pornoak ikusteko ez da komunikaziorik behar, noski, eskura daukazu nahi dituzunean...".Eta hitz horiek bezala, bero pixka bat gura nuke eta Ekologia, estetika eta beste azpiatalak ere betegarri hutsak dira eta lekuz kanpokoak iruditzen zaizkigu.

Baina agian dena ere ez da hain txarra: agian liburu honek euskal gazte literatura dagoeneko homologarria dela erakusten digu. Auzo herrietan bezala, gazteari alde batetik irakurgaiak eta bestetik literatura eskaintzen hasi gara, lehenengoak denbora pasa hutserako edo euskera ikasteko, eta bigarrena denbora pasa asaldagarri, pizgarri eta eragingarri baterako. Bai, gazteari ezin zaio horrela ziria sartu, eta argi esan behar diogu zer eskaintzen ari gatzaizkion. Eta eskaintzekotan, Branka bilduma ederrean, Martin M.-k istorio kilikagarriagorik eskainiko ahal digu aurrerantzean; zerbait berri topatuko ahal dugu harenean...


Obsexuen kluba