Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Magalik badaki

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Urtea: 2000

Bilduma: Liburu zopa 12

Orri kopurua: 80

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Magaliri sarritan galdetzen diote ea katuak mihia jan dion, batez ere handitan zer izan nahi duen galdetzen diotenean. Baina gabonetan ahizpa etorriko zaio New York-etik, eta primeran ibiliko dira, eta eskolara itzultzean jakin egingo du handitan zer izango den...


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 5.zenbakia, 2001eko abendua Ezjakitetik jakitera


Neskatxa baten gorabeherak agertzen zaizkigu Patxi Zubizarretaren azken liburu honetan. Magali da protagonista eta zalantza ugari ditu, zalantzak eskolan, zalantzak etorkizunari buruz, zalantzak... erabaki ez dituen kontuen inguruan, alegia. Eta horixe egin beharko du, erabakiak hartu. Erabaki zer izango den handitzean, edo zer izan nahi duen (ez baita gauza bera), erabaki eskolako mozorroa, erabaki... eta egoera horren aurrean Magali bakarrik sentitzen da.
Baina Karlota, New Yorken dagoen ahizpa, etortzean aldatuko da egoera. Izan ere ahizpa nagusiak etengabe laguntzen dio, zuzenean hitz eginez edo zeharka oparien bidez, bere presentziaren bidez, proposamen eta istorioen bidez. Eta prozesu hau liburuaren zazpi kapituluen egituran ikus daiteke, Magaliren egoera islatzen duen kapitulu baten ondoren Karlotarekin zerikusia duen beste bat baitago, eta horrela Magaliren baitan aldaketak emango dira ahizpak eraginda.

Baina, gainera, kapitulu barneko egitura ere errepikakorra dugu, aldaketak, gertakariak, apur-apurka gertatzen diren seinale (ikusi bestela lehen atalean katuak zenbat aldiz jan omen dion mihia Magaliri). Alde horretatik Patxi Zubizarretak jauzirik gabe, ustegaberik gabe, istorio sinple bat eraiki du, pittin-pittinka bere argumentua garatzen duen istorioa; hots, irakurlearen baitan konturatu gabe, isilean sartzen den eboluzioa. Magalik ez daki izeneko kapitulutik Magalik badaki izenekora pasa baita istorioa, pasa baikagara irakurleak.

Hizkera sinplea baina era berean zaindua darabil idazleak, egitura eraikitzaile bat, Magali eta Karlotaren arteko jokabide eta ekintzen bidez eraikitzen joango den istorioa. Eta guztia irakurlearen lana fortzatu gabe, istorioaren ulergarritasuna bultzatzen eta haurraren ikuspuntua, haurraren psikologia, kontuan izanik.

Honi guztiari Elena Odriozolaren ilustrazio paregabeak gehitzen badizkiogu, koloretan, argumentuan emandako eboluzioa irudietan ere islatuz, Magaliren beldur eta pozekin jolastuz, irudi sujerenteekin, alegia; orduan liburu guztiz interesgarri baten aurrean aurkitzen garela adierazi behar dugu. Euskaraz egoteaz gain gaztelaneraz, katalaneraz eta gailegoz ere argitaratu den liburu ederra.

- Modragon Unibertsitateak argitaratua Magalik ez daki handitan zer izan nahi duen, baina zorionez dena argituko zaio ahizpa Karlota oporretan New York-etik etortzen denean.
Ipar Europako herrialde batean kokaturik dagoen istorio honetan, protagonista familia arrunt bateko alaba gazteena da, eta bertan haur txiki askok bizitzen duten anai-arreba nagusiekiko lilura eta umeen oinarrizko emozioak (beldurra, maitasuna, etab.) oso ondo adierazita daude.
Istorioa ondo kontatuta dago eta erritmoa ondo lortua, egun bakoitza urrats moduko bat delarik neskatilaren bizitzan.
Ilustrazioak ederrak dira, batzuk benetan bikainak (ikus adibidez itsaso izoztuaren ilustrazioa), eta, Elena Odriozolak dioen moduan, kapitulu bakoitzaren atea irekitzen duen ilustrazioa Magaliren egun berria esnatzeko modu xarmangarria da.


Hizkuntzaren erabileraren inguruan, autoreak nahi izan du ingelesez 3 edo 4 esalditxo sartzea, eta gutxi baldin badira ere, eurak gaizki idatzita daude (ikus 37, 43 edo 67 or.)
Dena den, esan dezakegu liburua ona dela, oso xamurra eta oso gustura irakurtzekoa.
 


Magalik badaki