Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lurraren taupadak

Idazlea: Jon Arretxe Perez

Ilustratzailea: Cristina Fernández Blanco

Argitaletxea: Zubia

Urtea: 2001

Bilduma: Sail Gorria

Orri kopurua: 95


Laburpena:

Aturi du izena eleberriko protagonistak, Amazoniako Mukaxi tribuko oihandarrak, alegia, eta bere ahotik entzungo dugu, zehaztasunez eta sentimenduz, bere familiaren, bere tribuaren eta bere inguruaren berri. Mitologiatik abiatu eta gaur-gaurkoak diren arazoetaraino, ekintzaz beteriko ibilbidea egingo dugu Aturiren eskutik. Bizinahia, heriotza, maitasuna, borroka, elkartasuna... eta beste hainbat gertakari eta sentipen tartekatuko dira oihanaren bihotzetik mintzo zaigun mukaxitarraren elean.


Prentsako aipamenak:


- Ana Urkiza, Behinola 5. zenbakia, 2001eko abendua Oihanaren bihotzetik

Jon Arretxek, bidaiatzen duenean, bisitatutako herrialdeetako jendearen begiz ikusten du. Hango ikusmoldea hartzen du. Kultura berrian integratzen da. Eta bizipen horietan oinarrituta idazten ditu bere eleberriak eta ipuin liburuak.

Jon Arretxe ez da begirale hutsa ordea, bisitatzen dituen herrialdeetan buru-belarri sartuta, integratuta eta hartaratuta, mundu zibilizatuaren sarraski eta bidegabekeriak salatuko ditu. Eleberria, beraz, mundu zibilizatuari egiten dion kritika da.

Aturi bezalako pertsonaiak, liburuko pertsonaia nagusia eta Amazoniako mukaxi tribuko oihandarra, ezezagunak egiten zaizkigu guztiz, eta ezezagunak zaizkigun heinean harritzen gaitu Arretxeren kontakizunak, filmeei esker baizik ezagutzen ez ditugun herrialdeen ezaugarri eta ohiturak “Lurraren taupadak” bezalako liburu batean txertatzean.

Mukaxien existentzia edo sorrera azalpen mitologiko batean oinarritzen du idazleak, gaur egunekoak diren arazoetara jauzi egiteraino.
Bizitzari dedikatutako liburu honek, bizinahia, maitasuna, borroka, elkartasuna eta askatasuna ditu gai nagusi, besteak beste, eta irakurlea berehala erakarri eta sorginduko du, ezagutzen ez duen mundu horretako detaileak kontatuz, bihotza eskuan duela.

Gazteei zuzendutako eleberri honek hamabost kapitulu dauzka, amaierako egitura du eta kontaera lineala. Azpititulu oso laburrak ditu, istorioaren joan-etorriak deskribatzeko balio dutelarik.

Idazlea bulkada batetik abiatu dela esango genuke, irakurleak bulkada hori ez badu somatzen ere. Irakurlea istorioarekin gelditzen da areago. Arretxek oso narrazio estilo laua dauka, pertsonaien soslaiaren antzekoa. Irakurleari, bestalde, gertakizunak eginda kontatuko zaizkio eta ez du irakurtzearen bizipenik izango. Osatuegia eskaintzen zaio istorioa.

Arretxeren hizkuntza erraza da eta tribuaren lengoaia zaintzen du, baldin eta eleberrian deskribatzen den munduarekin bat ez datozen hitzek ere ihes egiten dioten (adibidez, “espedizioa” edo “narratzailea”).

Idazlearen pentsamoldea gordin azaltzen du eleberriak. Argi dago zer salatu nahi duen: tribu indigenen aurka egindako sarraskiak. Aturi eta bere herriaren desagertze prozesuaren berri eman ondoren, idazleak bukaera ireki batekin ematen dio amaiera liburuari. Bukaera ireki horrek gaur egungo tribuen inguruan galdetzera bultzatuko duelarik irakurlea.

Idazlearen mundu ikuskera eta ideia transmisioa oso interesgarri eta baliagarria da gazteentzako. Literarioki, bestalde, ez du berezitasun handirik. Kontakizun lauegia da, aukeran.


Lurraren taupadak