Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lehorreko koadernoa

Idazlea: Anjel Lertxundi Esnal

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1998

Bilduma: Ostiral

Orri kopurua: 128


Laburpena:
Idazle batek botila bat aurkitu du Zarauzko hondartzan. Botila barruan paper bat dago eta bertan marrazturik mapa bat. Misteriozko nobela gisa irakur daiteke Lertxundiren liburua, botilaren eta barruan dagoen mezuaren misterioa askatzen saiatuko baita, baina badu beste irakurketa bat ere: literatur gozamenerako sarbide ere bai baita liburua. Maisuki darabiltza Lertxundik tramaren hariak eta nagusiek eta gazteek jakin-minez irakurtzen duten liburua da Lehorreko koadernoa.


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa Itsasoa eskura
Duela gutxi, Juan Farias eta biok Europako hiri zoragarri batean aurrera eta atzera genbiltzala, etorri zen hizpidera gazte literaturaren ospea eta fortuna. Juan Fariasek, ni baino eskarmentu handiagoko gizona izaki, hemeretzigarren mendeko eleberrigintza aipatu zidan, esanez orduko nobelak oraindik irakurtzen zirela eta, seguraski, mende batzuk igarota ere (gizakiak irauten badu behintzat) irakurtzen segituko dutela. Aipatzen zuen orain gazteek pozik eta liluraturik irakurtzen dituzten hainbat eta hainbat nobela bere garaian helduentzat idatziak izan zirela. Dickens aipatu zidan, baita Pushkin, Lermontov, Mark Twain, Thackeray ere, bere iritzia sendotzeko habeak balira bezala. Esan zidan halako batean Stevensonen Altxor uhartea dela hemeretzigarrenak eman duen nobelarik politena.

Gazteentzat idatzia zela erantzun nion, ez helduentzat, eta orduan haren doinua, haserre itxura harturik, gora igo zen indarrez. Ez adarrik jotzeko esan zidan, eta errepikatu ere bai, literatura on, denok —gazte zein heldu— irakurtzeko modukoa dela.

Horretaz gogoratu naiz Anjel Lertxundiren nobela hau irakurtzean. Dotore idatzita dago (pasarte batzuk zoragarriak dira) eta kontatzen duenak berekin dakartza munduan idatzi diren nobela onenen zantzuak. Stevenson, Conrad, Melville eta beste batzuk dira euskarazko liburu honetan gonbidatuak. Oihartzunez beteriko testuak dira beraz, handik eta hemendik hartutako adabakiez apaindua. Baina ez horregatik arlote, aberatsa baizik. Atal txikiez osatua denez, puzzle bat balitz bezala irakurri behar da, poliki-poliki, puzzlea buruan azkenik osatu egiten baita. Oro har, 98 atal ditu liburuak.

Itsasoa, abentura, misterioa maite dituenak gozatuko du liburu honekin.


- Jose Jabier Fernandez, Egunkaria 199ko apirilaren 10a Klasizismoaz

Oraingoan, atal honetan literaturaz ez ezik klasizismoaz ere hitz egin behar dugu. Eta honekin ez dugu esan nahi iruzkinaren gaia klasizismo hitzaren zentzu historikoa eta filosofikoa denik. Ez. Denbora eta kalitatearen poderioz askotan eta zentzu desberdinetan ezartzen diren labelez hitz egingo dugu. Aukera Anjel Lertxundik eta bere azken liburuak eman digu, Lehorreko koadernoa-k.

Lehenengo klasikoa idazlea bera da, Anjel Lertxundi. Euskal Herriko literaturan hiru izen aukeratu beharko bagenitu, bai garrantziarengatik, Lertxundi, ezbairik gabe, horietako bat litzateke. Ez soilik burututako lanagatik eta liburuengatik, baita hizkuntzan, gaietan eta formetan izan duen garrantziagatik ere.

Bigarren klasikoa, jorratzen duen jeneroa da. Gazteei zuzendutako literatura. Teorian guztiek bere garrantzia aitortzen badute ere -literatura handiaren harrobia baita-, askotan baztertuta eta mesprezatuta egon den jeneroa da. Eta bere balioa eta balorea ikusteko literaturaren edozein historiara jo besterik ez dugu, eta ikusi hizki handiz idatzitako zenbat lan idatzi diren jenero honetan.

Hirugarren klasikoa Anjel Lertxundik lehorreko koadernoa izeneko eleberrian aukeratu duen istorioa da: mezuaren, itsasoaren, misterioaren eta altxorraren konbinaketa. Stevensonek Altxor uhartea idatzi zuenetik hainbatetan arrakasta lortu duen formula. Hala ere, Lertxundik bere maila erakutsiz, oraingoaren ere, ez du istorioaren irakurketa laua edota zuzena egin, zeharkakoa eta berritzailea baizik.

Eta gazteei zuzendutako literaturaz hitz egiten ari garenez, liburu honetan ere istorioaz gain gai bat jorratzen da, gazteari nolabait mezu bat edota, hobeki esanda, bere adimenean bide berri bat eraikitzen saiatzen da. Oraingoan, Lertxundik zahar-gazte harremana jorratu du, baina zentzu zabalenean. Ez soilik harreman pertsonalean edo fisikoan oinarrituz, izpirituala azpimarratuz baizik, irudimenaren eremuetan lortzen dena.

Aurreko guztiaren ondorio moduan, klasizismoaz hitz egitera bultzatzen gaituen seigarren elementua, lan honi Lertxundik eman dion tratamendua da. Nahiz eta protagonistaren begietatik izan, ikuspegi irekia, zabala baina, era berean, aldi honetan ere berritzailea da, protagonista nagusia gaztea beharrean gizon heldu bat baita.

Osagaiak bai, baina azken emaitza?

Baina, askotan gertatzen den bezala, nahiz eta osagai egokiak izan, batzuetan -Monterrosok dioenez, gehienetan- emaitza ez da zuzenena edo gustukoena izaten. Eta Lertxundiren azken lan honetan, irakurle honek behintzat, sentsazio hori izan du. Hau da, liburuaren azken emaitzak, azken zirrarak, ez dituela betetzen hasieran sorturiko itxaropenak.

Istorioa oso interesgarria da, tratamendua eta gaia egokiak dira, zuzenak eta beharrezkoak, baina elementu hauen guztien nahasketak ez du behar lukeen maila lortzen. Ez da eskatzen dugun tenperaturan igotzen. Badirudi, pasio edota sentimendu faltan aurkitzen dela. Lertxundik elememtu berritzaileak gehitzen dizkio klasizismoari, baina ez dio behar duen bihotza ematen.

Ondorioz, orokorrean, lan honi taupadak falta zaizkiola aitortu behar dugu. Ametsa, misterioa, ilusioa eta irudimena areagotu dezaketen elementu gehiago. Azken finean, Lertxundik berak liburuan dioen bezala: "Beren distira gordetzen dakiten misterioak dira benetako altxorrak".
- Javier Rojo, El Correo 199ko urtarrilaren 13a, Abenturak besaulkian

Euskal idazle batzuek pentsatzen dute irakurtzea merezi duten liburuak dagoeneko idatzita daudela. Hortaz, idazlearen funtzioa berridazketarena izango litzateke, beste batzuek egindakoa abiapuntutzat hartuta beraren idazlana sortzeko. Neurri handi batean Anjel Lertxundiren literatur praktika printzipio honetan oinarritzen da. Lan bat idazteko akuilua munduan ez, baina literaturan bertan aurkitu duten idazleetakoa da Anjel Lertxundi. Kasu honetan, eta itsasoa eta abentura uztartu nahi dituelarik, Stevenson da euskal idazlea sorbaldetan altxatuko duen erraldoia. Abentura, edonola ere, zeharo literarioa izanik, lekurik miresgarrienak eta arriskurik zirraragarrienak bibliotekatik irten gabe ezagutu daitezke, gaurko munduak abenturarako uzten duen toki bakarra liburu baten orrialdeetan aurkitzen da eta, hala liburuko protagonistarentzat nola irakurleontzat ere. Idazkera dela-eta, eta estiloaren kanpadura gustatzen ez zaidan irakurlea naizelarik, aitortu behar dut askoz interesgarriago deritzadala liburu honetan aukeratu duen bide lauari, bestetan arratu nahi izan duen malkartsuari baino: azken hauetan euskera bera lantzea helburu duela dirudienez, idazlearen indar gehienak idazkeran akitzen zaizkiola baitirudi.






Lehorreko koadernoa