Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Jonasen pena

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 1999

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 36


Laburpena:
Jonas kalean zehar doa bere gurasoei eskutik helduta. Eguneroko egoera
xume batean, tristuraren eta pozaren somatizazioa aztertzen da. Pozik
doalarik, Jonasen gorputzak jarrera eta mugimendu batzuk egiten ditu. Gero,
gurasoak haserre ikusita, Jonas penaz beterik dago; orduan, Jonasen
gorputzaren jarrera eta mugimenduak erabat aldatzen dira, gauzak berriro
bere onera etortzen diren arte. Ipuinak eskema tradizional bat jarraitzen
du: oreka - desoreka - beste maila bateko oreka (katartikoa), gaur egungo
egoera batean. Jonas da liburu honen protagonista, aurreko liburuan bezalaxe (Jonas eta hozkailu beldurtia Haur eta gazte literaturako Euskadi saria 1999).


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria, begia gehigarria, 2000ko otsailaren 5a BIHOTZA UZKURTZEN DENEAN

Jonas eta hozkailuaren beldurraren inguruan eraiki zen lehen ipuin hari jarraipena ematen dio Jonasen pena izeneko honek, eta Laura Sagastumek Behinola aldizkari honetako lehen alean zioen bezala "egileek liburu honekin urrats garrantzitsu bat ematen dute eta bide urratzaile gertatu dira". Egia da lehen liburu hura, Euskadi saria irabazi zuen ipuin hura, urratzaile izan zela, baina horrez gain bide berri bat ireki duen liburua; Jonasen liburuak, alegia.

Oraingo honetan Jonasen pena ipuin sinple, arin eta landua dugu Juan Kruz Igerabide idazlearen eta Mikel Valverde ilustratzailearen artean egina. Sinplea, gertakari xume bat kontatzen duen sinpletasunagatik, Jonas eta haren gurasoen arteko ibilaldi laburra hirian zehar. Arina, une labur horretan gertaturikoa oso modu argiro eta entretenigarrian kontatua dugulako. Eta azkenik, landua hori guztia lantzeko erabilitako erritmoa, hizkera, sentimendu deskribapena, eta abar oso lortuak, borobilak eta, azken finean, landuak izan direlako. Izan ere, azken urteotako hainbat eta hainbat lanetan ikusi ahal izan dugun bezala haurrentzeko literaturan gai eta egoera oso ezberdinak kontatzen dira, helduenentzako literaturan gertatzen den bezala. Jakina, haur literaturan, baina, haurrak ditugu presente eta alde horretatik destinatzaileak jasotzeko moduko mezua igorri behar da. Hots, sinpletasun landuaren bidez eginiko literatura.

Jonas gurasoekin ateratzen da paseatzera eta bere bihotza puztu egiten zaio pozik dagoelako, horrelakoetan Jonasi saltoak ematea gustatzen zaio eta horietako batean gurasoen haserraldia sortarazten du. Egoera berriak Jonasen bihotza uzkurtu egiten du, harik eta poliki-poliki egoera bere onera itzuli arte. Horixe litzateke gainetik kontatuta istorioaren argumentua, baina idazle on baten lana argumentu hori ondo janztea da, istoriaren hariak irakurlea harrapatzea eta protagonistaren sentimenduak -kasu honetan pozak eta penak- guk geuk ere sentitzea. Eta hori, aitortu behar da, lortu egin du Igerabidek bigarren ipuin honetan ere. Hizkeraren erabilera (onomatopeien erabilera, esaterako) narratiba eta poetikotasunaren artean dago; sentimenduen aldaketak, adibidez, metaforen bidez adierazten zaizkigu; edo gertakarien sinesgarritasunak erraztu egiten du istoriaren ulergarritasuna, sentimenduen indarra areagotzearekin batera.

Mikel Valverderen irudiak, gainera, oso adierazgarriak dira eta arestian aipaturiko sentimenduak are barnerago sentiarazten dizkigute. Istorioa irudien bidez jarrai daiteke, Jonasen egoeraren berri testuak ematen digun bezala irudiek ederki asko islatzen baitute zer ari den gertatzen. Irakurlearen arreta, ikus edo irakur dezakeenaren arreta, oso ongi fokalizatzen baitu Valverdek ilustrazio erakargarri hauen bidez.
Horregatik guztiagatik Jonasen pena liburua dugu azken urteotako euskarazko haur literaturaren eboluzioaren adibide bat, apurka sortzen ari den kalitatezko produkzio zaindu eta landuaren adibide gomendagarria.


- Deia, 2000ko otsailaren 18a Pena duzunean bihotza samurtzen da

Juan Kruz Igerabideren liburu berri hau bihotzean murgiltzen da, gaztetxo baten pena eta pozak agertu nahian. "Jonas, pozik doanean, bihotza puztu egiten zaio eta jauzi egiteko gogoa ere jartzen zaio. Aita eta ama haserre daudenean, ordea, bihotza hustu egiten zaio. Zer gertatzen zaio zure bihotzari pena duzunean?". Tristeziaren lehenengoko zaztadak frogatzen ditu Jonas gazteak ipuin samur honetan. "Pena bihotzaren zukua da, eta gazi-gazia da", konturatzen da protagonista. Aizkorri argitaletxeak karrikaratu du liburuxka, eta irudiak -kolorezkoak denak- Mikel Valverderenak dira. Lehen irakurlearentzako irakurgai aproposa.


Jonasen pena