Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Jakomintxo

Idazlea: Rébecca Dautremer

Ilustratzailea: Rébecca Dautremer

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2024

Bilduma: Haurrentzako albumak

Orri kopurua: 42

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Rebecca Dautremer ilustratzaile eta idazleak sortutako Jacominus Gainsborough pertsonaia ezagunaren haurtzaroa kontatzen digu album ilustratu honek, egile beraren lan arrakastatsuenetako bati jarraipena emanez.

Zazpi mikronarrazio grafikoz osatua dago, ipuin metatzaile modura antolatua. Istorioa erritmo motelean garatzen da, tonu goxo eta atseginaz, eta gai nagusia  protagonistaren –untxi gizatiartu baten– izaera maitagarria da.

Sekuentzia bakoitzak untxiaren ezaugarri positibo bat jartzen du agerian: jatorra, goxoa, umoretsua, azkarra edo ameslaria, adibidez. Baina testuak formula errepikakorren bidez galdera bat planteatzen du etengabe: ez ote da gehiegizkoa? Bukaeran lagunarteko maitasuna berretsi egiten da eta untxia zalantzarik gabe maitagarria dela baieztatzen da.

Narratibaren pisua, batez ere, ilustrazioetan dago. Testuak esaldi labur eta xumeak eskaintzen ditu, irudiek egoera konplexuagoak iradokitzen dituzten bitartean. Irakurketa bikoitza ahalbidetzen du horrek: testuarena eta irudiena. Pertsonaien irudiak landuak dira, akuarela eta koloretako arkatzak erabilita, eta artile urdinaren irudikapen hiperrealistak arreta berezia merezi du. Figurak airean ageri dira eta tonu melankoliko sotila dute.

Untxi protagonistarekin batera lagun berriak gehitzen dira sekuentziaz sekuentzia –txakurkumea, txitoa, sagua, antxumea, txahala...–, eta amaieran lagun koadrilak jertseren metaforaren bidez irudikatzen du adiskidetasunaren indarra.

Itxita dagoenean, liburua estetikoki zaindutako kutxa baten itxura du, kartoizko orrien ertzak urdinez koloreztatuta daude, forma eta edukia harmonian uztartuz.


Prentsako aipamenak:

 


Jakomintxo