Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Izar-malkoak

Idazlea: Fernando Morillo Grande

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belástegui

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2002

Bilduma: Topaleku

Orri kopurua: 120


Laburpena:
Beñatek, gazte informatikazale eta nahiko ezkorrak, egundoko esperientzia berria biziko du: izugarri erakartzen duen neska batekin boladatxo batez ateratzea.<BR>
Protagonistak berak kontatzen digun istorio honetan gorabeherak ezagutuko ditugu maitasun eta sexuaren aldetik.<BR>
Bizitza ez da paradisua, ezta filmeetan agertzen den bezalakoa ere. Bizitza bide gogor eta konplexua delako ustea du narratzailea eta protagonista den gazte honek.<bR>
Protagonistaren eskutik ere, nerabe ezberdinen profilak ezagutu ahalko ditugu, profil kontrajarriak, hain zuzen: irekia eta itxia, lotsati eta lotsagabea, apala eta harroputza...<BR>
Gaiari dagokionez, sexu diferenteetako nerabeen arteko harremanek osatzen dute lehenengo mailako ardatza; baina baita mutil gazteen artekoak zein guraso eta seme-alaben artekoak ere. Egungo gazteen elkarrengana hurbiltze moduen lekukoak izango gara narratzaile gaztearen kontakizunen bidez. Beste aldetik, gaurko gazte baten giza grinak zein bestelakoak ezagutuko ditugu lehenengo pertsonan egindako istorioan.
Sexuaz gain, informatikak eta internetek ere garrantzia handia izango dute.


Prentsako aipamenak:

- Leire Ugalde, Behinola 8. zenbakia, 2003ko maiatza Amodioa, sexua, zeloak... ezinbestean gazteak erakartzeko faktoreak biltzen ditu Fernando Morillo idazleak Izar malkoak izeneko eleberrian. Kapitulu labur eta azkarren bidez erritmo biziko narrazio sortu du idazleak, irakurlea istorioan era errazean murgiltzen lagunduko duelarik.

Beñat 16 urteko gaztea informatika zale amorratua da mundu zibernetikoa bere kontrolpean du eta atsegin du orduak eta orduak pasatzea hackerra bihurtzeko behar dituen pausoak ematen. Beste edozein gaztek bezela Beñatek eren ordenagailutik at bere bizitza propioa du non ezin dituen gauzak teklen mugimendu hutsez aldarazi. Kalean, lagunen artean dagoenean, mutil ezkorra da Beñat, bizitzaren gogortasun eta atsekabeez jabetzen dena. Egun batean, ordea, nola eta zergaitik ondo ulertzen ez badu ere bere ametsetako neskarekin ligatzea lortuko du: Maiderrekin (neska ile hori, begi berdeduna, gorputz onekoa bera, hau da, neska panpoxaren topiko guztiak betetzen dituen horrekin). Bere barnean zer edo zerk etengabe abisatzen du Beñat gertatzen ari zaiona ez dela berarentzat ohizkoena eta kontuz ibiltzeko. Baina Maiderren begiek, haren mugimenduek eta laztanek erabat txoratzen dute eta nahiago du bere barneko ahotsa alde batera uztea eta unea bizitzea. Jaione ere tartean dabil, ez hain polita baina bai neska jatorra. Beñatentzat, ordea, Maider amets bat da, amets arriskutsua eta agian horragaitik ere are erakargarriagoa. Sentimendu bortitzak eragiten dizkio eta mina ere halakoa izan daitekeela jakin arren, nahiago du amets horretan murgildu.

Sexu harremanen aurrean lehen aldiz aurkitzen den Beñat dardarti eta urduria ere ezagutuko dugu. Beldurra, ongi gelditu nahia eta mutilentzat sexu harremanetan esperientziarik ez izateak suposatzen dituen sentimendu nahasiak biziko ditugu berarekin batera. Horrez gain, Maider esperientziadun, ausart eta sexu zalea dugu. Berak ematen ditu pausoak eta Beñatek ahal duen bezain duin jarraitzen dio. Ez da beraz, esperientziarik gabeko mutil batentzat sexuaren munduan murgiltzeko biderik errazena izan ere, gaizki gelditzearen beldurra areagotuko baitio neska honen segurtasunak. Maiderrek ez ohizko "neskaren papera" betetzen, argi dauka zer nahi duen eta ez du hori adierazteko beldurrik. Baina bera izango da ere fidagarria ez den emakumearen papera beteko duena, Jaionerekin kontrastean.

Maitasun sentimendu eta sexu harremanen munduan ohizkoak diren buruhauste eta korapiloak topatzen ditugu eleberrian. Edozein gazte identifikatuta sentitzeko moduko istorioa dugu hau, eta ziur erakarriko dituela.

Bestalde, bi aipamen txiki egin nahi nituzke erraz irakurtzen den eta ondo josita dagoen istorio honek tratatzen dituen gainean inguruan. Bi gai oinarrizko ditu eleberriak: gazte baten hausnarketa eta sentimendu korapilatuak amodio eta sexuaren aurrean (gai nagusia dena) eta bigarren bat, ez agian hain garrantzitsua, baina etengabeko presentzia duena (ordenagailuak, mundu zibernetikoa eta gaztearen kontrola versus beste eremuan sentitzen duen deskontrola). Atentzioa eta sexua Grezia zaharreraino joanez gero ere literaturan etengabe topatuko ditugun gaiak dira, Juan Fariasti behin baino gehiagotan entzun diodan moduan "irakurri ondo, eta uste baino gehiagotan topatuko duzu amodioa liburu baten atzean". Sexua bera ere, "Mila gau eta bat gehiago" bezain zaharra den gaia da literaturan. Gazte literaturan, besotik doazen gai hauek beti topatu izan ditugu. Azken boladan ordea, gizartearen eta gazteen bizitzen aldaketaren isla gisa, gai berri bat agertzen hasi zaigu gero eta indar handiagoa hartzen joango dena gazte literaturan: internet, mundu zibernetikoa, amodioa ordenagailu bidez baino ezagutzen ez duzun pertsona batekiko... Hor dauzkagu adibide gisa Jokoa.com 2002an Gemma Lluchek idatzi berri duen eleberria eta urte berean idatziriko eta hemen aipatzen ari naizen Izar malkoak besteak beste. Adierazgarri bat gehiago literatura bizitzaren isla ere badela ziurtatzeko eta liburuen bidez garaian garaiko ezaugarriak jasota gelditzen direla aipatzeko. Aipagarria da ere, informatikaren itzalpean hazi ez garenontzat bederen, liburu hauetan gazteek informatikarekiko agertzen duten izugarrizko kontrola. Nerabezaroak suposatzen duen sentimenduen deskontrola orekatzen lagunduko balie bezala da, ordenagailuaren aurrean gazteena da kontrola eta beraien esku dago tekla bat edo beste sakatu eta dena aldaraztea. Literaturako erabat egunerokoak diren bi gai hauek joko polita eskaintzen dute. Sentimenduen kontrol eta deskontrolaren adierazgarri zuzenak diren bi mundu hauek imaginazioari bide berriak irekitzeko aukera paregabea eskaintzen baitiote idazleari.


Izar-malkoak