Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ibaia maitasunaren oztopo

Idazleak: Joxemari Iturralde , Begoņa Bilbao

Ilustratzailea: Manu Orteaga

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2001

Bilduma: Auskalo Bumeran

Orri kopurua: 72


Laburpena:
Nora-ren gurasoek Pariseko bizimoduan irudikatu nahi dute alabaren etorkizuna. Baina Norak Kuban jaio eta aita euskalduneko mutil beltzarana ezagutu du. Corine da Noraren ama, eta aztoratuta oihuka esan du bere alabak ezin duela beltz batekin ibili. Nora berehala hasi zen Gartzenen alboan bere burua gustura ikusten; Pariseraino ere iritsi zen bere ametsa: zergatik ez ikasi musika Pariseko kontserbatorioan, bibolina jotzen zuen txokolate koloreko mutil harekin batera? Hamahiru urteko neskak ezkutuan gorde nahi zuen Gartzenekin zuen sekretua. Ibaiaren ertz batetik bestera oihuka mintzatzen ziren. Oztopo hura gainditzeko elkarren albora ihes egiteko erabakia hartu zuten, eta ibaiaren sorreraraino iritsi zirenean, mendiaren gainean tiro hotsak entzun ziren. Gaua zen, eta mugak ezin ziren baimenik gabe pasatu...


Prentsako aipamenak:

- Ana Urkizo, Behinola 5. zenbakia, 2001eko apirila Mugak bizi

Begoņa Bilbaoren “Ibaia maitasunaren oztopo” ipuina, 2000. urteko Lizardi Saria merezimenduz irabazitako lana da. Argumentu klasiko batetik abiatuta, hamaika urtetik gorako gazteak biziki erakarriko dituen elementuak txertatu dizkio, erromantizismotik edan nahi izan duela aitortu duen egileak.


Nora eta Gartzen, hamahiru eta hamalau urteko neska-mutilak dira ipuineko pertsonaia nagusiak. Loreztan ezagutzen dute elkar; Nora uda pasatzera hara joana da eta Gartzen bertan bizi da. Biak dira familia aberatsekoak baina Gartzen-en azala txokolate kolorekoa da. Arrazoi nahikoa berau, Noraren amak bere alaba ez dela azal beltzeko mutil batekin harremanatuko esateko. Neska-mutilek mugatua ikusiko dute beren harremana, gurasoen ezezkoagatik batetik, eta elkarrekin egoteko zeharkatu ezin duten ibaiagatik bestetik. Nora maitemindu egin dela ikusita, Parisera eramaten dute gurasoek eta Gartzen ahaztu duela uste dutenean, berriro Loreztara bueltatzen dira. Orduan, neska-mutilek elkarrekin egon asmotan, ibaiaren sorrerarantz abiatuko dira. Baina han, askatasun osoaren besoak ezagutu ez beste, heriotzarekin egingo dute topo: mugalariek, hiltzaileak direlakoan, tirokatu egingo baitituzte.


Bost kapitulutan egituratuta dagoen ipuin honen argumentua oso klasikoa da, amaiera tragiko eta guzti. Baina klasikotasun honen barne, irakurle gazteei erakargarri egingo zaien puntua, debekuarena da: Noraren ibaira joan beharra hain zuzen ere, gurasoen eta batez ere amaren ezezkoaren gainetik. Deigarri egingo zaio baita nerabeari, ibaia tarteko duten neska-mutilak nola doazen elkar ezagutuz antzematea. Idazleak, maisuki tartekatuko ditu bizpahiru elementu ipuina biribiltzeaz gain, irakurlearen arreta mantenaraziko dutenak. Batetik, kapitulu baten bukaeran, hurrengoaren hasiera iragarraraztea. Bestetik, ipuinaren generoaren erabilera bikoitza egitea, maisuki txertatuz, ipuin herrikoiak izan daitezkeenak (Xixili itsas-neskarena eta Pottorrorena), kultura ezberdinetatik datozen neska-mutikoen ahotan.


Begoņa Bilbaok jorratzen dituen gaiak anitz dira: maitasunarena nagusiki, sexuarena zeharka, arrazakeriarena, klase sozialen arteko gatazkarena, gerlarena, kultura eta hizkuntza ezberdinen arteko elkarbizikidetzarena.... azken hauek, interesgarrienak ezezik, berrienak ere.


Eleaniztasuna eta muga kontzeptuak
Bilbaoren ipuina oso gaurkoa egiten du Gartzen txokolate kolorekoa izateak (arrazakeriaren arazoa), edo eta neska-mutikoek, batak gazteleraz eta euskaraz eta besteak frantsesez eta euskaraz hitz egiten dutela jakiteak (muga kontzeptua). Gazteek euskara dute amankomunean eta hizkuntza bateratu horretan, Begoņa bizkaiera garbitik jasotako hitz eta esamoldez aberastera datorkigu testua.


Irudien erabilera ere oso aberasgarria egiten digu Bilbaok ipuin honetan. Aipatzekoak lirateke musikari eta naturari zor zaizkionak. Musika “no one´s land” delakoaren irudia da, muga fisikoarekin eta debekuarekin zerikusirik ez duen eta neska-mutilentzako amankomuna den gauza bakarra: hizkuntzarik, kulturarik eta kolorerik ulertzen ez duen kodea. Natura, bestalde, ipuinaren nondik norakoak ulertzeko balio digun elementua da eta pertsonaiak ezagutzeko balioko diguna. Erkagarriak baitira naturaren manifestapenak (ekaitzak...) eta maitemintze prozesu gatazkatsua. Natura da pertsonaien maitasunaren berri ematen diguna eta beraien muga deskribatzeko erabiliko dena ere. Irudi konstantea ipuinean zehar azkeneraino, non gazteen hilobietan zuhaitzak landatzen dituzten eta zuhaitzen adarrek besarkatuta bukatzen duten.


Ibaia, euskal literaturan, maitasun istorioak kokatzeko elementu edo espazio oso erabilia izan da. Ura izan da harremanetarako eta lohitutakoak garbitzeko elementu sinbolikoa. Ibaia, bestalde, muga ere izan da betidanik; bai herriek zein pertsonek elkar ulertzeko eta maitatzeko oztopo. Muga fisikoa eta ideien arteko kontrajarpenak azaltzeko balioko duen elementua, bestalde. Ipuinak espazio fisikoak eta figuratuak aurkezten dizkigu: Lorezta eta Paris batetik, eta ibaia eta “inorenak ez diren lurrak” bestetik. Eta espazio mota bi hauexek ditu ipuinak oinarri. Naturan oinarrituta, pertsonok jartzen ditugun mugen ezaugarri.


Indar handiko ipuina da Bilbaorena, erdi aldean loratzen eta azkeneraino indarra mantentzen duena. Amaiera itxia du argumentuari dagokionean baina gai anitzen inguruko hausnarketa gogoa utziko dio irakurleari. Hauen artean, mugarena nagusi.

Mugak era askotakoak daude eta horixe da irakurleak neurtu beharko duena. Muga fisikoa da ibaia, muga morala, ostera, gurasoek Norari jartzen diotena; eta muga politikoa izango da askatasunera asmoz, eta uste gabe, gazteak heriotzara eramango dituena. Irakurleak, muga batzuk errespetatzekoak diren edo ez galdetu beharko dio bere buruari eta muga horietan uler ote daitekeen, kasu honetan bezala, protagonistek bizi duten maitasun istorioa.


- Javier Rojo, El Correo 2001eko ekainaren 6a, Amodio tragikoa

Haur eta gazte literaturan aritzen diren idazle asko asmo onez beterik daude, inolako dudarik gabe. Burutzen dituzten lanak gaur egun bultzatu nahi diren baloreen sintonian egon daitezen nahi dute. Horrela, beren liburuak (narrazioaz ari naiz) tolerantziaz, kultur aniztasunez, itxurarakerien salaketaz eta honelako gaiez hornituta aurkezten dituzte. Sentimendu onek ez ezik, sentimentalismoak ere bere tokia izaten du honelako liburuetan. Begoņa Bilbaok irakurle gaztetxoentzat idatzi duen "Ibaia maitasunaren oztopo" ipuina neurri handi batean parametro hauen barruan mugitzen da. Neskato bat mutil batekin maitemintzen da, baina beraien amodioa ezinezko bihurtzen dute. Nolabait esateko, Romeo eta Julietaren historia tragikoaren bertsio berri baten aurrean gaude. Eta, honelako istorioak izan ala ez, bizi garen mundu honetan sentimendu onak batzuetan eskergarriak badira ere, esan behar da hori ez dela nahikoa istorio bat idazterakoan. Liburu honetan, adibidez, narratzailearen erabileran eta denboraren traramenduan zenbait hutsune daude eta honen ondorioz koherentzia narratiboa apurtzen da behin baino gehiagotan.


Ibaia maitasunaren oztopo